Hilero-hilero biltzen da merkataritza mahaia. Azkenekoz duela hilabete egin zen, irailaren 18an, eta merkaguneko diru laguntzen gaia izan zuten hizpide.
Merkagune diru laguntza urtez urte
Udaletxeak diru laguntza hau jaso ahal izateko akordio-marko bat sinatu behar du Arkuperekin eta bien artean erabaki behar dute eskaria. Diru laguntza honek bi lerro ditu: bata, elkarteari ematen zaion laguntza urteko ekintzengatik; eta bestea, udalari ematen diotena.
2011n Txu-txu trena erosi zuen Orioko Herriak laguntza honi esker eta 2012an Gaboneko bi pasadizoak txukundu ziren diru laguntza honekin. Pasa den urtean, 2013an, ez zen deialdirik atera, baina aurten atera da eta Orioko Udalak Arkuperekin batera proposamena aurkeztu du.
Moila eta Arkaitz aurrea atontzea dira aurtengo xedeak
Besteak bestea moila eta ikastola aurrea txukuntzea erabaki zen. Moilan garbigune isleta bat dago, zeinak oso itxura txarra ematen dion herriari, herri sarreran baitago, azokatik gertu. Merkataritzako eta herriko ekintza gehienak bertan egiten dira, hortaz, inguru hori txukuntzea ezinbestekoa iruditu zaie.
Beste proposamenetako bat Arkaitz aurrea txukuntzea da, hori baita bigarren eremua ekintzetarako erabiltzen dena eta merkatal gune garrantzisuenetatik gertu kokatuta dagoena. Herriko bi gune horiek atontzearekin batera herriko horma batzuk apaindu nahi dira.