"Haurrak euskaraz ari dira, eta zu?"

Karkara 2014ko urr. 16a, 12:40

Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko egitasmoaren ikur gisa, esaldi hori ikus daitekeen kartelak jarri dituzte haur eta gurasoak biltzen diren parke guztieta.

Orioko Udalaren eta herriko bi ikastetxeen egitasmoa da Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko izenekoa. Gurasoen hizkuntza-ohituretan eragin eta haurrek euskaraz egiteko duten joera gurasoengana zabaltzea du helburu kanpaina honek, izan ere, gaia aztertu dutenek diote haurren jokaeran –eta hizkuntzarekiko jarreran– eragin handiagoa duela etxean bizitakoak eskolak baino. Horregatik, egitasmoa gauzatu dutenek, gurasoek euskara erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dute, seme-alabengan duen eraginagatik.

Ikasle eta gurasoei galdetegia

Orioko etxeetako hikuntza-egoera ezagutzeko, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta herriko bi ikastetxeek galdetegi bat prestatu zuten. Bertan, LH4, LH5 eta LH6ko ikasleei eta beren gurasoek etxeko eta lagun arteko hizkuntza ohiturei buruzko 16 galdera erantzun zituzten.

2014ko apirilan galdetegia pasa ondoren, hainbat ondorio atera ditu Euskara Zerbitzuak:

  • Gurasoen euskara-ezagutzari buruzko datuak bat datoz, oro har, erroldako azken datuek erakusten dutenarekin.
  • Hizkuntzaren transmisioa nahiko ondo bideratuta dago familietan: euskaraz dakiten gurasoek, ia erabat, euskaraz egiten diete seme-alabei. Familia mistoetan ere –guraso bat euskalduna, bestea ez–, euskaraz dakien gurasoak euskaraz egiten die haurrei ia beti.
  • Kontuan hartuta familia mistoen portzentajea handi samarra dela –%36,25–, deigarria da anai-arreben arteko euskararen erabilera %88koa izatea. Familia misto gehienetan euskaraz egiten dute anai-arrebek beren artean, eta familia guztiz erdaldun batzuetan ere bai.
  • Bi gurasoen arteko erabilera aztertzerakoan ikusten da gehiago direla beren artean gaztelaniaz hitz egiten dutenak –%55– euskaraz egiten dutenak baino –%40–. Kontuan hartuta familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla, horrek esan nahi du asko direla, biek euskaraz jakin arren, beren artean gaztelaniaz egiten duten gurasoak.
  • Berdintsu gertatzen da gurasoei galdetzen zaienean beste gurasoekin zein hizkuntza erabiltzen duten. Euskaraz aritzen direla diotenen portzentajea %53-57 ingurukoa da, nahiz eta, ikusi dugun bezala, ezagutza askoz handiagoa izan –%74-78–. Horrek berriro erakusten du euskaldun dezentek ohitura duela lagunartean gaztelaniaz jarduteko.
  • Nabarmentzekoa da euskararen erabilera-indizerik baxuena esparru intimoenean gertatzen dela: kalean baino baxuagoa da etxean.

Ondorio nagusi bat atera dute emaitzak ikusita: euskararen erabilerari dagokionez, Orion haurrak eredu direla helduentzat eta asko dutela ikasteko haurren hizkuntza jokaeratik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide