Ostiraletako kultur ekitaldiak arrakastatsuak izaten ari dira

Karkara 2014ko urr. 14a, 12:41

Hurrengo ekitaldia Mixel Etxekopar zuberotarraren Pilotarhitza ikuskizuna izango da, urriaren 17an

Pasa den ostiralean, urriaren 10ean, Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxagaren Hiru antzezlanerako sarrerak agortu egin ziren. Harrera onarekin hasi dira Euskaraz Bizi-biziren baitan egiten diren ostiraletako ekitaldiak.

Mixel Etxekopar musikari eta bertsolari zuberotarraren txanda da datorren ostiralean. Dantza, musika eta bertsoa uztartzen dituen Pilotarhitza ikuskizuna emango du Kultur Etxean 22:30etatik aurrera.

Pilota jokoa hari hartuta, diziplina desberdinak hartzen ditu bere baitan emanaldiak, tartean Etxekopar eta Xabier Sukiaren arteko bertso-elkarrizketa. Guztira, bost lagunek parte hartzen dute: Mixel Etxekopar, protagonistak, flauta, klarinetea, kontrabaxua eta kantuaren ardura hartuko du, Jean Christian Irigoienek soinua joko du, Pierre Thibault perkusionistak bateria eta beste perkusioekin arituko da, Mizel Theret dantzaria izango da eta Xabier Sukia bertsolaria.

Doako emaldia izango da, plaza mugatuekin. Kultur Etxean bertan har daitezke –pertsona bakoitzak bi– Udalak prestatutako 100 gonbitak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide