Datozen lau urteotan euskarari dagokionez udalak zein esparrutan lan egingo duen eta lehentasunak non jarriko dituen erabakitzean datza Euskara Sustatzeko Ekintza Planak –ESEP–. 2014-2017 urteetako plan estrategikoa egiteko garaia iritsi da eta herritarren partaidetzarekin osatu nahi du hori Orioko Udalak. Horretarako, bi jardunaldi prestatu ditu Salatxo aretoan. Urriaren 9an, ostegunean, izango da lehenengoa eta urriaren 15ean bigarrena, 19:00etatik aurrera.
Lehen bileran udalak prestatutako zirriborro bat aurkeztuko zaie gaiarekin interesa dutenei. Gaur egungo egoera eta geroko asmo eta helburuak bilduko ditu txostenak. Bertaratzen direnek, hori aztertu eta ekarpenak egin ahal izango dituzte bigarren bileran.
Euskaraz bizi-biziko arduradunek horrelako prozesuetan herritarren parteartzea ezinbestekoa dela azpimarratzen dute. Herritarren bultzadarik izan ezean Udala hanka-motz geratzen dela diote. Euskararekiko kezka duen jendea badagoen arren, herritar gehiago aktibatzea gustatuko litzaioke udalari.