Berriz ere txapela trikitilarientzat

Karkara 2014ko ira. 29a, 10:11

Artadiko txapelketa irabazi dute Julen Alonsok eta Eneritz Aulestiak

Artadi auzoko –Zumaia– sintonia trikitixa izan da asteburuan. Lau bikote, lau pieza eta garaile bat. Julen Alonso oriotarra eta Eneritz Aulestia zarauztarra izan dira txapela jantzi dutenak.

Artadiko txapelketan Zaldibarren, Euskal Herriko txapelketan, sailkatu ziren lehenengo lau bikoteek hartzen dute parte. Gu bitan izan gara, eta bietan txapelarekin itzuli gara etxera, azaldu du Alonsok. Pasa den urtean Elizagoien ahizpen aurka izan zuten txapela eskuratzeko lehia; eta aurten, Alaitz Eskudero eta Josune Arakistainen kontra.

Lau pieza jo dituzte: bizkaiko trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin arina. Lehendabiziko biak Tapiarekin sortutako piezak dira, elkarlanean egindakoak.

Lau piezak jo ondoren, eta ikusita lan ona egin dugula, gustura geratzen gara, aitortu du oriotarrak. Jotzen ari garen bitartean ikuslea gozatzen ari dela ikusteak gozarazi egiten gaitu, disfrutatu egiten dugu. Txaloak entzutean motibatu egiten gara. Oholtza gainean gero eta gehiago gozatzen du bikoteak.

Parte hartu genuen lehen txapelketan ohartu ginen elkarrekin bikote polita osatu genezakela, azaldu du. Ordutik bidean aurrera egin dute eta hainbat txapela eskuratu dituzte batera. Horrenbeste garaipenek zorrotzagoak izatea ekarri diete; baina, batez ere, disfrutatzea da bikotearen helburua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide