2464 Euskaditik, 3439 espainiar estatutik –Madril eta Kataluniatik gehienak– eta 2052 nazioartetik. Guztira 7955 bisita jaso ditu Orioko Turismo Bulegoak uda honetako ekainaren 1a eta irailaren 15a bitartean. 2013an baino 477 gehiago. Urtetik urtera bisita kopurua handitzen doala diote bulegoan, eta aurtengo balantzea ona dela, bisitariek Orio ikusi eta herriko denda, kafetegi, taberna, jatetxe eta ostatuetan gastua egiten baitute.
Frantziatik, Alemaniatik, Erresuma Batutik eta Herbereetatik. Baita AEBetatik, Zelanda Berritik, Errusiatik, Japoniatik, Hego Koreatik eta Israeldik ere. Mundu guztitik etorritako turistak jaso ditu aurten Oriok. Sorpresa atsegina hartzen dute gehienek herria ezagutzean, batez ere goiko kale ikusitakoan; ez dute espero, beheko hirigune berria ikusita, herrian gora igota gune historiko interesgarri eta lasaia dagoenik. Zarautz eta Getariaren ospeak erakartzen ditu bisitariak Urola Kostara, eta aurkikuntza ederra izaten da Orio gehienentzat, Turismo Bulegoan jaso dituzten iritzien arabera.
Orioko informazioa da oporraldian zehar bulegoak gehien jasotzen duen eskaria: planoa, zer ikusi, non jan, ostatuak, hondartza... Baina badira beste hainbat interesekin gerturatzen direnak ere. Ur jarduerak eta mendi irteerak egin nahi dituztenak asko dira, baita eskualdeko informazioa eskatzen dutenak ere: Zarautz, Aia, Pagoeta, Getaria, Zumaia eta Flyshari buruz jakinmina erakusten dute. Bada, 8 apellidos vascos filma ikusita, non grabatu zen ezagutzeko interesa erakutsi duenik ere.
Donejakue bidean atseden
Badirudi Orio geroz eta erakargarriagoa dela erromesentzat ere. Uda honetan egon diren bisitari guztietatik %19a –1496 pertsona– Donejakue bidea egiten ari zen. Erromes ostatuari buruz asko galdetu dute, herria egun horretako etaparen amaierarako toki egokia zela iritzita. Hurrengo etapei buruzko informazioa ere eskatu dute erromesek.