Gutxienez 3.000 urteko aizkora

Karkara 2014ko ira. 19a, 15:05

Argazkia: Aranzadi

Orion aurkitu dute historiaurreko harrizko aizkora Luis Figueridok eta Josean Zubiriak

Abaro mendian lurra lantzen ari zirela harri bat aurkitu zuten Figuerido eta Zubiriak. Ez zen ohiko harri bat, landuta eta leunduta zegoena baizik. "Negu bukaera aldean, landareak aldatzen ari ginela, atxurrarekin harria jo genuen", azaldu du bikoteak. Honela egin zuten topo harri bereziarekin. Aranzadirekin kontaktuan jarri eta garai bateko harrizko aizkora zela jakin zuten.

Historiaurrean harriarekin egiten ziren erremintak, nahiz eta, prehistoriaren amaieran metala erabiltzen ere hasi ziren. Paleolitikoan harria lantzen zuten; neolitikoan harri hori leuntzen hasi ziren, aizkora asko egiten zituzten.

Figueridok eta Zubiriak aurkitutako harria historiaurrekoa dela baieztatu dute, duela 3.000 edo 6.000 urte ingurukoa. Aizkorak 13 zentimetroko altuera eta 6 zentimetroko zabalera dauzka.

Aurkikuntzaren berri jendaurrean

Larunbatean, irailaren 20an, 10:00etatik 14:00etara aizkorari buruzko mintegia egingo dute. Irungo gordailuan izango da, pieza bertan baitago. Historiaurreko arkeologoak diren Jesus Tapia eta Josean Mujikak gidatuko dute saioa. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide