Bandera zuri eta urdinaren lehian

Karkara 2014ko ira. 4a, 11:27

17:30etan hasiko da gaur emakumezkoen sailkapen estropada eta ondoren, 18:00etan, gizonezkoena. Datozen bi igandetan Kontxako badian arraun egiteko postuengatik lehiatuko dira guztira hogeita hamabi txalupa.

24 parte hartzaile, 7 sailkatu, 3 itsas milia, 2 luze eta erlojupeko estropada bat. Kontxako badiak urteko kirol hitzordu garrantzitsuenetako baten hasiera hartuko du arratsaldean. Ilusioa, urduritasuna, poza eta tristura biziko dituzte Donostiako urek, zazpi traineru sailkatzen badira ere, beste hamazazpi kanpoan geratuko baitira. Egin apustu!

Mende bat baino gehiagoko historiak emandako ospearekin, Kontxako estropadak tostako euskal arraunaren Olinpiada izena bereganatu du arraunzaleen artean, eta Kantauri itsasoko arraun elkarte askok helburu nagusi bezala hartzen dute jada. Gaur egun, beste txapelketa batzuk ere badiren arren, parte-hartze eta maila handienetakoa biltzen duen estropada da Kontxakoa.

Hogeita hamaika bandera ditu Oriok etxean; 1901ekoa lehena, 2007koa azkena. Hogeita hamabigarrena ekartzeko ordua iritsi dela entzuten da herrian, aukera faltarik ez dagoela. Orio izan baita, estropada horrek dituen 125 urtetako historian, trainerurik erregularrena: hamarkada guztietan irabazi du, gutxienez, bandera bat.

Parte hartzaileak

Bi taldetan banatzen dira sailkapen estropadan parte hartuko duten hogeita lau traineruak. A taldean TKEko hamabi elkarteak: Astillero, Urdaibai, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Pedreña, Tiran eta Zierbena. B taldean gainontzekoak: Amegrove, Castreña, Mugardos, Getaria, Lekittarra, Ondarroa, Santurtzi, Meira, Santoña, Trintxerpe, Zarautz eta Zumaia.

Lehen zazpi postuetan iristen diren traineruak izango dira, Donostiakoarekin batera, irailaren 7an eta 14ean bandera txuri eta urdinagatik lehiatuko direnak.

Emakumezkoen estropada

2008an egin zen emakumezko lehen Kontxako estropada eta geroztik urtero izan du bere lekua gizonezkoenaren aurretik. 1,5 itsas milia egingo dituzte neskek, ziaboga bakarrarekin eta erlojupean. Zortzi taldek jokatuko dituzte datozen bi igandeetako lau postuak: Cabok, Hibaikak, Oriok, Meirak, San Juanek, Santoñak, Zarautz-Getariak eta Zumaiak.

Momentu historikoa izango litzake Orioko trainerua sailkatuko balitz, izan ere, emakume taldearen historia laburrean, Kontxako estropadan parte hartuko lukeen lehen aldia izango zen.

Baldintzak

19:04ean izango da itsasbehera, eta iragarpenak dio mendebaleko haizea ibiliko dela, 2-3ko indarrarekin eta 0,5 edo metro bateko olatuak altxatuko direla.

17:30etan hasiko da emakumezkoen sailkapen estropada, eta ondoren, 18:00etan, gizonezkoena. Telebistaz jarraitu ahal izango du jardunaldia nahi duenak, 16:30etatik aurrera zuzenean emitituko baitu ETBk.



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide