Aranzadiren SEMBET proiektua Orion

Karkara 2014ko ira. 3a, 10:30

Adineko pertsonen bitartez memoria soziala partekatzeko helburua duen SEMBET proiektu pilotua jarriko du martxan Orion Aranzadi Zientzia Elkarteak

Aldaketa sozialak direla medio, belaunaldiak elkarrengandik urruntzen ari dira eta gainera, espazioa eta bizipenak partekatzeko guneak urriak dira. Beraz, tokiko komunitate batean pertsona nagusiek belaunaldi berriei memoria soziala transmititzeko gero eta abagune gutxiago dago. Hutsune hori beteko du SEMEBT proiektuak.

SEMBETek pertsona nagusiek iraganeko hamarkadetan bizi izandakoaren testigantzen bidez memoria soziala berreskuratzea eta partekatzea du helburu. Era honetan, ondorengo belaunaldien formatzaile bihurtuko dira, bestela galdu egingo litzatekeen eguneroko bizimoduaren memoria transmitituz.

Oriotarren memoria babesten

Orioko historiak arrantzarekin zerikusi estua du, anguleroekin bereziki. Ogibide zaharra oriotarren memoria pertsonal eta kolektiboaren zati garrantzitsua da, eta memoria hura babestea ezinbestekoa da komunitatearen nortasuna eraikitzeko. Honela,  belaunaldi arteako memoria lantzen duen SEMBET proiektu europarra Orion egingo da 2014ko irailean.

Adinekoak izango dira ekimen honen protagonista, eta lau saio egingo dira:

  • Parte-hartzaileak elkar ezagutu
  • Memorian murgildu: arrantzaleen eta anguleroen esperientziatik abiatuta, testigantzak jaso eta ikus-entzunezko bat osatu
  • Memoria trazua sortu hondartzako hondarrarekin eta harriekin.
  • Aranzadiko historialari baten laguntzarekin txangoa egingo dute historikoki herriko gune garrantzitsuenak ezagutzeko

Tailerren bidez hainbat gai jorratuko dira: anguleroen historia, emakumeen garrantzia arrantzan eta gaur egungo gizartean edatetuen eta gazteen arteko harremanak.

Esperientzia pilotu honetan parte hartu nahi?

Bi belaunaldien arteko hartuemana bideratuko du Aranzadik, eta horretarako, tailerrak pertsona nagusiekin eta gazteekin egingo dira.Tailerrak pertsona nagusiekin –65-75 urte– eta gazteekin –20-40 urte– egingo dira.

Oriotarra bazara, 20-40 edo 65-75 urte artekoa eta euskalduna, deitu 943 466 142 zenbakira edo idatzi Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazioa@aranzadi-zientziak.org helbidera.

Proiektuak nazioarteko izaera

Italia, Polonia, Eslovenia eta Errumaniako taldeak ditu partaide. Guztiek gizarte-memoriarekin lan egin edo adinekoen hezkuntzarako jarduerak burutzen dituzte. Proiektu hauek guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia fakultatean aurkeztuko dira.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide