Algorta, Gasteiz, Agurain, Atarrabia eta Urretxuko nerabek bat egin zuten Orion, Bertso Udalekuetan. Uztailaren 20an izan zen, eta aste beteren ostean, agur esango diote bai Oriori baita Bertso Udalekuei ere. Bihar amaituko dira gazte horientzat udalekuak, uztailaren 26an.
Itsaspe baserrian hartu dute ostatua 41 gaztek. Bertsoa oinarrian daukaten udalekuak dira eta bertsoarekin gozatzea helburu dutenak. Horretarako bertsolaritzarekin lotutako hainbat ekintza gauzatu dituzte, baina baita ohiko ekintzak ere: mendi bueltak, jolasak, hondartzara txangoak...
Hondartzara egindako irteera bat berezia izan zen oso gazteentzat, konpainia ezin hobea izan baitzuten. Onintza Enbeita eta Odei Barroso izan zire berekin eta harri, orri, har jokoan jolasteko aukera izan zuten. Gauean bertso afaria izan zuten, eta bakoitzak erosoen sentitzen zen paperetik hartu zuen parte. Batzuk koplak kantatu zituzten, beste batzuk puntuka aritu ziren eta beste batzuk gai jartzaile lanetan.
Atzo udalekuetako kanta grabatzu zuten. Eta Orio herrian zehar Altxorraren bila jolasa ere egin dute, amaieran, pista guztiekin, balearen bertsoa osatzeko. Bertsoa aitzakia hartuta ongi pasa dute nerabeek Orion igarotako sei egun hauetan.