Aitzol Arrozpide, the iron man

Karkara 2014ko uzt. 17a, 08:00

9 ordu eta 55 minututan amaitu zuen Ironman triatloia. 3.800 metro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika egin zituen Orion bizi den usurbildarrak

Tatami artean ordu asko pasatakoa da Aitzol Arrozpide Sarasola. Duela bi urtetatik, belauneko lesio bat medio, judogia armairuan gordeta dauka. Lesioa sendatzeko tatamia bizikletarengatik ordezkatu zuen, eta gustua hartu zion bi gurpilen gainean ibiltzeari.

Judo egiten zuen garaian korri asko egiten zuenez, bi kirolak –bai korrika, bai ziklismoa– uztartzen hasi zen. Duatloietan hasi zen parte hartzen, eta kirolari senak igeriketa probatzera eraman zion. Orain bizikleta gainean, korrika eta uretan pasatzen ditu orduak eta orduak.

Hiru kirol hauek bat egiten dute triatloietan, eta pasa den igandean parte hartu zuen Gasteizko Ironman proban. Lehenago Zarauzkoan eta Salouekoan ere eman zuen izena, hortaz, hau hirugarren triatloia izan da Arrozpiderentzat.

         

10 ordutik jaistea marka itzela egitea dela diote adituek, eta Arrozpidek lortu zuen. 9 ordu eta 55 minututan zeharkatu zuen helmugako marra. Proba igerian hasi zuen. 3.800 distantzia zuen aurretik baina oso gustura aritu zen usurbildarra. Ondoren, bizikleta hartu zuen eta 180 kilometro egin zituen gurpil gainean. Txirrinduan ere eroso sentitu zen. Amaitzeko, 42 kilometro korrika egin behar zituen. Hasieran hankak ongi erantzun zien; baina, denborarekin, beheraka joan zen. 10.5 kilometroko 4 buelta egin behar zituen, eta laugarrenean asko sufritu zuen. Kronometroa 9:55 denborarekin gelditu zuen.

Izena eman zuenean, proba hasterako, Arrozpideren helburua amaitzea zen. Hasi eta bukatzea. Ametsa 10 orduetatik jaistea zen, eta helburua betetzeaz gain, ametsa ere egi bihurtu zuen. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide