Euskal Sofbol Selekzioa Kanadan da. Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzari esker, Basque Country izena munduan zehar zabaltzera joan dira Kanadara. Euskal Herria ezagutaraztera, eta bide batez, esperientziarekin aberastera.
Taldeko jokalarien artean oriotarrak ere badaude. Elena Etxeberria Orioko Bate Bizkorrak taldeko presidenteak berentzat esperientzia gogoangarria izango dela aitortu digu. Munduko talde indartsuenen aurka jokatuko dute oriotarrek, eta hori, ahaztezina dela gaineratu du.
Beren helburua ikastea dela azpimarratu du, eta ez irabaztea. Talde oso gogorren aurka jokatuko baitute, maila altua dutenen aurka. Lehen partidua atzo izan zen, Kanadako selekzioaren aurka. 13-0 emaitzarekin amaitu zen partida, Kandaren alde. Munduko Txapelketan lehen postuetan ibilitakoa da Kanada, talde indartsu eta sendoa.
Txapelketako lehen partidetan munduko onenen aurka lehiatuko dira: Mexiko, Estatu Batuak, Japonia... Hortaz, lehen partida hauek ikasteko eta aberasteko baliatuko dituzte. Txapelketak aurrera egin ahala maila paretsuan dauden aurkariak izango dituzte, eta horietan irabazten ahaleginduko dira.
Taldean Bate Bizkorrak taldeko 9 jokalari
Taldea osatzen duten nesken artean 9 dira Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalariak: Ane Barandiaran, Olatz Zubia, Ainara Larraxa, Idoia Benito, Sara Etxeberria, Ana Cuesta, Igone Etxeberria eta Uxua Zoroza. Euskal selekzioko entrenatzailea ere Orioko Bate Bizkorrak taldeko entrenatzailea da: Patxi Arnal. Guztira 10 dira Euskal Selekzioan dauden Orioko taldeko kideak.
Partiduak ikusteko aukera
Etxetik txapelketa ikusteko aukera dago, ESPN telebistan. Kirola lantzen da kate honetan, eta txapelketa honen ospea medio, bertan partida guztiak emitituko dira. Internet bidez katearen zuzenekoak ikusteko aukera dago, baita bestelako bideoak ere.
Gaur bi partida jokatuko ditu. Bata eguerdian, 12:30ean, Japoniaren aurka; eta bestea, 21:00ean, Estatu Batuen aurka. Euskal Selekzioaren partiduaren jarraipena txapelketaren webgunean egin daiteke. Bertan partida guztien ordutegiak eta emaitzak ikusi daitezke.
Audioa