1927. urtean omendu ziren lehen aldiz 70 urtetik gorako Gipuzkoar arrantzaleak. Ordutik, urtero egin da, eta, ondorioz, Gipuzkoako arrantzale familien artean errotua dagoen eguna da biharkoa. 87. edizioa izango da eta 365 arrantzale omenduko dira; tartean, 53 oriotar.
Urteko egunak bezala, 365. Hori da bihar omenduko den arrantzaleen kopurua, baina, arrantzaleez gain, saregileak ere omenduko dira. Badira hiru urte emakumearen papere ere goraipatu nahi izan zutela. Ordutik, hainbat urtetan ahaztuta izan diren saregileei merezitako onespena eta garrantzia eman nahi izan zaie.
Mendeetan egindako lana eskertu nahi zaie biharko ekitaldiarekin, eta beraiek, aspaldiko lagun eta lankideekin elkartu eta mendeetan egindakoa ekarriko dute gogora. Itsasontziarekin itsaso zabalean bizitakoa bergogoratuko dute, bihar, uztailaren 16an, Donostian.
11:15ean hasiko da eguna, Donostiako Udaletxean egingo den harrerarekin. Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Donostiako alkatea, E.J. Arrantzako kontseilari ordea eta Gipuzkoako Arrantzale Kofradien lehendakaria izango dira bertan. Ordu betera, 12:15ean, herri meza izango da Kaiako San Pedro elizan bertsolariekin eta dantzariekin. 13:00etan, eliza irteeran, omendi herrikoia egingo zaie. 13:15ean Kresala taldeak euskal dantzak eskainiko ditu. Hau ere eliza atarian izango da. 14:15ean Anaiarteko bazkaria izango da Gaztelubide eta Aitzaki elkarteetan bertsolariek eta Gaztelubideko abesbatzak girotuta. Egun osoko festa izango da biharkoa, goizean goizetik hasiko dena.