Iluntzero errioaren sintonia izaten dira patroiaren oihuak eta arraunketaren burrunba. Marea gora eta beherak, itsasoaren gora-beherak... guztiak goitik behera menperatzen dituzte oriotarrek. Herritarrek ere aski ezagunak dituzten ahotsak dira patroiarenak, eta gero eta ezagunagoa zaie oriotarrei emakumeen traineruaren gidaritza ematen duen Nadeth Arrutiren ahotsa.
Arrutik gidatzen du trainerua. Berari begira, bizkarrez arraun egiten: Leire Arriola, Eider Arruti, Itxaso Azkonobieta, Leire Begiristain, Leire Garate, Lierni Goikoetxea, Tayde Gomez de Segura, Maria Gutierrez, Ohiane Iraola, Miren Iriondo, Idoia Larrañaga, Ondiz Lekubarri, Gratxina Lertxundi, Lukene Lizaso, Izaskun Manterola, Onintza Olaizola, Itziar Olasagasti, Mireia Uranga, Haizea Zinkunegi, Amaia Zuaznabar eta Eider Zubelzu.
Oteizak zioen bezala: Bizkarrez egiten dute arraun, atzera, iraganari begira, existitzen den horri begira, haren gakoak berrasmatzeko asmoarekin. Eta asmatu dute, aurrerapauso handiak eman baitituzte. Arraunketan igartzen da, baita denboretan ere. Irteera puntutik irteten dira, burua hotz eta bihotza bero. Erabakitasunez egiten dute arraun, garbi; eta inoiz baina lehenago helmugaratzen dira, azkarrago.
Emaitzek, ordea, ez dute berdina islatzen. Asteburuan Euskotren Ligarako sailkapen estropadak jokatu dira eta Orioko neskak kanpoan geratu dira, galiziarren atzetik. Pedreñan bi segundu atzetik geratu ziren oriotarrak, eta Donostian bost segunduko tartea atera zieten. Portura iritsi eta malkoak zituzten begietan, tristura bihotzean. Burumakur zeuden arraunlariak.
Saminaldi haren biharamunean, berriz ere itsasoratu eta arraunean arituko dira. Hobetzeko helburuarekin eta aurrerapausoak emateko asmoarekin, lan eta lan arituko dira, ohi bezala. Gogor eta gogoz egin dute lan orain arte Orioko Arraun Elkarteko neskak. Aurtengoan emaitzak lagundu ez arren, etsipenari ez diote lekurik egin.
Palada asko aurretik
Euskotren liga alde batera utzi arren, Gipuzkoako emakumezkoen V. traineru ligan lehiatuko dira. Pasaian hasi zen txapelketa uztailaren bostean. Oraingoz hiru jardunaldi jokatu dituzte, eta aurretik beste bost dituzte. Abuztuaren 24an emango zaio bukaera Gipuzkoako ligari, Trintxerpen.
Pasaia 05/07/2014
3. postua 11:42,91 denborarekin
Pedreña 12/07/2014
4. postua 11:09,97 denborarekin
Donostia 13/07/2014
4. postua 11:05,28 denborarekin
Asteazken honetan, Zumaian, 18:30ean, Gipuzkoako Traineruen Txapelketa jokatuko da eta oriotarrak bertan izango dira. Asteazkenekoa izango da lehen estropada asteburuko golpe hau eta gero, baina palada eta pauso asko dituzte oraindik emateko. Hau hasi besterik ez da egin.