Sanpedroak 2014

Doinu dantzagarriak eta kantagarriak sanpedroetan

Karkara 2014ko uzt. 2a, 09:22

Gauean, eguerdian eta arratsaldean. Egun osoan hainbat estiloko musika entzun eta dantzatu ahal izan zen

San Pedro jaiak baina lehen, girotze aldera, Euskadiko Musika Eskola Ikasleen Gazte Orkestrak kontzertua emango zuen plazan Ikastolako abesbatzarekin batera, ostegunean. Ondorengo egunean Azkue organo-jotzaillearen omenezko kontzertua izan zen Orioko elizan. Larunbat goizean txaranga doinuak nagusitu ziren herrian. Talai Mendi Txaranga ibili zen, kalez kale, herria saltoka jartzen.

Motorrak berotuta hasi ziren sanpedroak. Etxafuegoa bota orduko musikariak eta Salatxo abesbatzakoak prest zeuden, musika egin eta kantuan aritzeko. Iluntzean, La Jodedera musika taldeak Euskal Herrian dantzarik egiten ez dela dioen esamoldearekin apurtu zuen. Gerriak mugitu zituzten plazara hurbilu zirenak eta kantuan ere aritu ziren, euskal herriko kantu ezagunen bertsio kubatarrak jo baitzituzten. Kubatar kantu tradizionalen euskal moldaketak ere jo zituzten, dantzagarriak guztiak.

Igande goizaldean aski kantatu zuten txoriek, baita gautxoriek ere. Eguerdian, Kubako erritmoak alde batera utzi eta Asturiaseko musikak hartu zuen plaza, Ixuxu gaiteroek emanaldia eskaini baitzuten. Salatxo abesbatzakoak ere atera ziren kalera eta kantu-jira ederra eskaini zuten.

Kantuei bira ederra eman zieten arratsaldean Trikitixa txapelketara aurkeztu zirenek: eurek egindako moldaketak, bertsioak... Eta gauean trikitixarekin jo ta ke aritu ziren Triki ta Ke taldekoak. Herritarrek, plazan dantzan aritzeaz gain, oholtzara igotzea ere lortu zuten.

Dantzan ez, baina kantuan jarri zituen astelehen gauean Mikel Markezek plazara bertaratu zirenak. Aulkian eseri eta ezagunak zitzaizkien kantuak entzuten eta abesten igaro zuten arratsa. Gau giro ederrean agurtu zituzten sanpedroak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide