Ez ohiko batzarra bezala definitu zuen Noemi Ostolazak atzokoa. Guztiak saiatzen gara agendan hilabeteko azken osteguna libre izaten hona etortzeko, eta eskatzen diogu Udalari ere berak esfortzu hori egitea, azaldu zuen EAJko zinegotziak. Beñat Solaberrietak erantzun zion ohiko bilkura ezin zitekeela egin hileko azken ostegunean idazkariak ezin zuelako. Aurretik Hirigintza batzordean horren berri eman ziola esan zuen, eta horrelako jarrerekin zinegotzi izatearen erantzukizunaren izaera zein den argi geratzen dela gaineratu zuen alkateak.
Osteguneko batzorde bileratik batzarrerako denbora tartea txikiegia dela uste dugu erbakiak hartzeko, azaldu zuen Ostolazak EAJren izenean. Horregatik, eta ogasun batzordetik pasa ez direlako, 3,4 eta 5. puntuetan EAJk ez zuela parte hartuko gaineratu zuen. Batzarretan parte hartu behar dugu, etorri egin behar dugu, lan egin behar dugu; baina bakoitzak aukeratzen du non, zein eta noraino, erantzun zion Solaberrietak.
Tentsioarekin hasi zen, atzo, batzarra. Eztabaidaren ostean gai zerrendari heldu zioten. Guztira hamaika gai jarri ziren mahai gainean. 2014ko otsaileko eta apirileko ez-ohiko bilkuretako aktak onartu ziren 11 aldeko botorekin. Udalaren 2013ko aurrekontu nagusiaren behin betiko onartu zen Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoarekin.
EAJ alderdiak ez zuen parte hartu
Kreditoak aldatzeko espedienteak ziren hiru hauek. Lehendabizikoa 77.301 eurokoa zen eta partida nagusiena Bixigu egunerako 58.000 euroak ziren. Bigarrena 45.006 eurokoa zen; kasu honetan partida nagusiena kiroldegiko obrara bideratu zen, 41.328 euro. Hirugarrena eta azkena 68. 536 eurotakoa zen. Kanpineko obrak ia 19.000 euro kostatu zen, altzariak ia 5.000 euro, Goiko kaleko semaforoa 21.500 euro eta hilerriko inbertsioak 23.000 euro. Udalak 354 milioi berreskuratu zituenez, oraindik ia 30.000 euro geratzen dira kredituak aldatzeko. Hiru puntu hauetan EAJ alderdi politikoak ez zuen parte hartu. Beste bi alderdiek puntu guztietan aldeko botoa eman zuten, hortaz, gehiengo absolutuarekin onartu ziren guztiak.
Gehiengo absolutuarekin onartutakoak
Antilla hondartzako bigarren zenbakidun eraikina okupatzeko kontzesio administatiboa Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzua emateko lau pertsona aurkeztu ziren. Oinarriak betetzen zituen bakarra Iker Irazusta Torno zenez, aho batez onartu zen eraikina berak adjudikatzea.
Orioko hiri antolamendurako plana nagusia prestatu eta onartzeko prozesuari dagokion herritarren parte hartze programa izan zen ondorengo puntua. Udalerriaren ezaugarrietan oinarrituz, herritarrek eta elkarteek planaren taxuketan behar bezala parte hartu dezaten beharrezkoak diren helburuak, estrategiak eta mekanismoak jaso behar dituzte: jende aurreko bilkurekin, udal barruan herri kontsulta egiteko aukerarekin... Zazpi aldeko botorekin eta lau abstentzioekin onartu zen herritarren parte hartzea.
Orioko bake epaitegiko bake epaile titularra eta ordezkoa aldatuko dira, aho batez onartuta. Titularra izateko pertsona egokiena Mirari Arriola Irizar da eta ordezko hoberena Aritz Gonzalez Elizondo.
Orioko jai egunaren proposamena 2015. urterako San Pedro eguna izatea proposatu zen. Astelehenarekin izango da, ekainak 29. Eta hamaika aldeko botorekin, gehiengo absolutuarekin, proposamena onartuta gelditu da.
Udaltzainen erretiro aurreratuari buruz ELA sindikatuak aurkeztutako mozioa bozkatu dute. Hau ere gehiengo absolutuarekin, 9 aldeko eta bi kontrato, onartuta geratu da. Motondo eremua berreskuratzeko eta balioa emateko helburua bozkatu dute, azkenik. Orain eta Bilduk bat egin dute proiektuaren helburuekin eta EAJk kontra.
Motondo, soka luzea ekarri duen gaia
Motondo udalaren ondarea da, eta iruditzen zaigu ezerren truke, proiektu honekin, urperatu egiten dela, aitortu zuen Ostolazak eta alkateak honela erantzun zion: Ezeren truke ordez askoren truke esango nuke nik, Oriok asko irabaziko baitu proiektuarekin. Bai Oriok, baita faunak, florak eta itsas adar guztiak. EAJk proiektuaren aurka ez dagoela esan du, proiektua zoragarria dela. Orduan azalpenak eskatu dizkiete, helburuekin bat ez egitearen arrazoiak. Orain eta Bilduk, biek, Motondo zein helbururekin erosi zuten galdetu die EAJri. Herritarren bi milioi eurorekin erosi zuten, eta oraindik erantzunik ez digute eman, salatzen du Orain taldeak.
Publikotik lehen ekarpena gai honekin etorri zen. Herritar batek bere harridura –eta poza– azaldu zuen Orain taldeak bai botatzean. Etxeetara bidaltzen dituzten propagandetakoa irakurrita, proiektuaren aurka zeudela uste baitzuen. Miriam Urangak beren postura ez dela aldatu erantzun dio, Orain taldea beti proiektuaren alde egon da. Garatzerako garaian etortzen dira desadostasunak alderdien artean. Orain taldeak eskatzen duten gauza bakarra inplikatuta dauden erakunde eta teknikariekin bilerak egitea da, konponbideetara iristeko eta berreskuratzeko.
EAJ eta Orain taldeen jarrera aldakorra dela gaineratu du publikoan hitza hartu duenak; bera ez dela fio. Egoera horren aurrean Bildu lasai dagoela gehitu du. Bilduk, ordea, aurkakoa adierazi nahi izan du: Lehengo urtean kudeaketak egin genituen Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan exekuziorako diru laguntzak lortzeko. Mahai gainean eduki genituen diru laguntzak –400 mila euro Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldunditik 600 mila euro, gutxi gora-behera– baina ezin izan dugu aurrera eraman, desados dagoelako udalbatza kuadeaketan. Guk aldeko postura genuen eta dugu, garatzekoa, besteek ez badute nahi, zilegi da. Baina gu ez gaude eroso, oso deseroso gaude; ez dugunez gehiengorik ezin dugu Motondo legealdi honetan ureztatzen eta garatzen ikusi.
Publikotik beste oriotar batek iritzia eman du. Udalak diru laguntza hori atzera botatzean sinesgarritasuna galdu duelakoan dago: berreskuratzeko nahia gauzatzerako garaian kalte handia egin dio horrek. Kexa asko entzun ziren publikotik atzokoan. Herritarrak kezkatuta eta hasarre agertu ziren Motondoren inguruan politikari batzuen jarrerarekin, berek Motondo berreskuratu nahi dute eta.