Autokonpostan jarri du orain arte begia Orioko Udalak. Etxean konposta egiteaz gain auzoan ere egiteko plana aurkeztu du gaur Urola Kostako Udal Elkartearekin batera. Hondakinak tratatzeko hierarkiaren lehenengo urratsa prebentzioa da. Organikoarekin konposta eginez gero hainbat arazori izkin egingo genioke, horregatik arreta konpostan jarri dugu, azaldu du Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.
Orion 57 familia ari dira hondakin organikoarekin konposta egiten, horietatik 27 etxeko konpostagailuarekin eta 30 familia auzoan konposta egiteko martxan dauden 3 guneetan. Etxean konposta egiteko ezaugarri eta aukera duen orok konposta egitea du helburu, baita abian dauden auzokonposta guneei jarraipena ematea ere, aitortu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak.
Arreta eta jakinmina piztea helburu duen karakterizazioa
Errefusa jasotzeko bi edukiontzi hustuko dira, jendaurrean. Ontzi horietara botatzen ditugun hondakinak zein diren eta zenbat diren ikusi ahal izango da horrela, azaldu du alkateak. Hau da, zenbat birziklatzen den eta zenbat birziklatu daitekeen ikusi ahal izango da.
%45ean kokatzen den birziklapen tasak gora egin dezake errefusaren edukiontzietara birziklatzera bideratu daitezkeen hondakinak botaz gero. Posible da 2016rako helburu duten %65a lortzea herritarrek berien ohiturak aldatzen badituzte. Asko egin dugu, baina orain ezin dugu ez aurrera eta ez atzera geratu. Gelditzeko beldurra daukagu, baina pixkanaka-pixkanaka gora egin behar dugu, aitortu du Solaberrietak eta gaineratu du udara garai txarra da horretarako, baina gu hobetzen ahaleginduko gara.
Horretarako lehen pausoa herritarren arreta piztea izango da, eta hori lortu nahi dute bi edukiontzien karakterizazioarekin. Ekainaren 20an izango da, ostiralean, 18:00etatik aurrera, Ikastola aurreko patioan.
Konposta egiten dutenen kopurua handitzeko xedea
Konposta, eta bereziki auzokonposta, bultzatze aldera lana egingo du Udalak. Interesa duten herritarrek aukera izango dute etxean konpostagailua jartzeko. Bestetik, auzokonposta egiteko hiru eremu daude martxan, baina 2014a amaitu baina lehen laugarren eremu bat izango da herrian.
Etxean zein auzoan konposta egiteko interesa duten herritarrek 943 55 48 74 telefonora deitu edo konposta@urolakosta.org helbidera jo behar dute. Bertan jasoko dute informazioa edota bertan eman dezakete izena.