Rafael Cristobal: "Heziketa bi alderdiren menpe egon da: estatua eta eliza. Ikastola hirugarren adarra litzateke, itzalpean egon dena"

Karkara 2014ko eka. 11a, 17:20

Rafael Cristobal eta Andoni Mujika
Herri hezitzailea gai hartuta solasean aritu ziren atzo, Orioko Herri Ikastolan, Andoni Mujika eta Rafael Cristobal. Karkarak bigarren honekin atzo hitz egindakoa berriz ere mahai gainean jartzeko zortea izan du, baita Ikastolaren balorazioa jasotzekoa ere

Curriculum zabala du Rafael Cristobalek: ikasketa eta esperientzia handiko gizona da, zeina medikuntza eta irakaskuntza arloetan aritu den. Heziketari lotua egon da, Cristobal, betidanik. Gizakiak gizartean bizitzeko prestatzea eta gaitzea da hezitzea. Gizarteak sortutako heziketa da Cristobalentzat baliozkoena, Ikastoletakoa, alegia, gizarteak sortutakoak baitira. Horren guztiaren inguran galdetu diogu.

Heziketak hiru bidetatik jaso daiteke egun?

Erdi Aroan hezkuntza elizaren eskuetan egon zen. Iraultza liberalaren ondoren, estatuak eliza hezkuntzatik eta osasun arlotik kendu nahi izan zuen. Ordudandiik, heziketa bi alderdiren menpe egon da: estatua eta eliza. Heziketarako hirugarren adarra Ikastolarena litzateke. Baina Ikastolak beti egon dira estatu nazional eta elizaren arten gordeta, itzalpean. Ez zaio baliorik eman, eta balio handia dute; izan ere, herritik sortuak izan dira eta arnasa herriak eman die.

Herri heziketa, hortaz, Ikastolak ematen duena litzateke?

Ikastola herritik sortzen da, herriaren bidez eta herriarentzat. Gure tradiziotik dator, gure jakituria hartzen dugu, gure ongarriak eta hortik abiatzen gara. Herria, hortaz, garrantzitsua da oso. Gure herriak gizarte zibil izugarria izan du, mugimendu popular handia. Ikastolak hortik sortu dira, herritarrek sortu dituzte; beraz, benetako herri heziketa Ikastolak eskaintzen duena da.

Ikastola herrira sartu behar da eta herria ikastolara. Arkitektonikoki garrantzitsua da herria ikastolara erakartzea, bien arteko hartu-eman hori egotea. Andonik, adibidez, Durangoko zuzendaria zenean taberna jarri zuen Ikastolan; honela herria Ikastolara sartzen zen.

Hartu-eman horretan muga jartzea zaila izango da...

Arkitekturak jartzen ditu mugak, arkitekturak zeresana baitauka alor horretan. Halaber, garrantzitsua da gizarte osoa elkartuta egotea: ofizio, adin eta herri ezberdinetakoak. Jendeak asko du esateko, erakusteko, ikasteko eta irakasteko. Herrian aberastasun handia dago eta Ikastolak herrikoiak direnez balore horiek hartu ditzake.

Mugatuta Ikastolak daudela diote aditu askok.

Herri heziketa, herritik sortutako hezkuntza, ahanzturan edaukagu. Ikastola mapatik kentzear egon dira, beti itzalpean eduki dute politikari eta agintariek. Honenbestez, Ikastola oso mugatuta dago, bizitzeko zalantzan egon da beti.

Zergatik? Ez dagoelako kontzientzia. Ikastolek herri honen historia idatzi dute eta askok ez diote duen balioa ematen. Nortasun handia dute Ikastolek; ondorioz, ospea izan behar lukete, gureak direlako.

          

Ikastolaren balorazioa

Atzoko mahai ingurura jende asko etorri zen, 60 pertsonatik gora; bai Oriotik, bai inguruko herrietatik. Gaiak interesa sortu zuen eta formatuak ere erakarri zuen. Ez zen hitzaldia izan, mahai-inguru elkarrizketa baizik. Hortaz, dinamikoa, bizia eta interesgarria suertatu zen.
 
Gaien artean hezkuntza, herria, komunitatea, ikerkuntza hezkuntzan eta berrikuntza sustatze beharra ziren. Gai hauek gogoetarako bide izango direlakoan gaude, izan ere, oso garrantzitsuak dira egungo gizartean.
 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide