Zer da IRPH?
IRPH hipoteka maileguetako erreferentziazko interes-tasa bat da. Estatu espainolean, hipoteken merkatuan, euriborraren ordez beste erreferentziako interes-tasak dituen hainbat mailegu daude: IRPH Bbankuak, IRPH Kutxak eta IRPH Entitateak.
IRPH Kutxak izeneko indizea, kutxa desberdinen artean egiten duten media baten arabera kalkulatzen dute. Horrek esan nahi du erabat aldakorra dela eta kutxek nahi bezala manipulatu dezaketela.
Zer gertatu da urte hauetan IRPHarekin?
2011ko urriaren 28an, 2899/2011 ministro-agindua eman zen, Banku-zerbitzuetako bezeroen babeserako eta gardentasunerako agindua izenekoa. Arauaren arabera, neurriak hura argitaratu eta sei hilabetera sartzen ziren indarrean, 2012ko apirilean. Behin betiko desagerpena handik urtebetera egingo zela ere badio, 2013ko apirila baino lehen, ordezko indize bat ezarri beharko zen IRPH Kutxak indizearen desagertzea aurreikusten ez zuten maileguentzat. Kutxaren mailegu guztiek aurreikusten dute desagertzea eta izendatzen dute ordezkoa. Orduan, gure galdera da: jadanik ordezko indizieak baditugu, zergatik itxaron behar dugu urtebete? Berez ez daukagu itxaron beharrik, baina Kutxak ez du agindua aplikatu nahi.
2013ko apirilan zer gertatu zen?
Urte erdi pasatu bazen ere, ministerioak ez zuen ordezkorik izendatu, eta gutxi balitz, PPren gobernuak 6 hilabete gehiagoko epea jarri zuen horretarako. Azkenean, gobernuak uztailean erabaki zuen ordezkoa: IRPH Entitateak. Hipoteka kontratuan ordezkorik ez duenarentzat aurrekoa bezain kaltegarria da, IRPH Entitateak ere erabat manipulagarria baita.
Noiz sartzen da indarrean ordezko indizea?
PPren gobernuaren esanean, 2013ko apirila baino lehen. Hau da, IRPH Kutxak indizea desagertu eta ordezkoa erabiliko litzake kontratua berrikustean –nire kasuan euribor +1–. Hori horrela, Kutxak erabaki zuen ez zituela kontratuak azaroan bertan berrikusiko, bakoitzari tokatzen zitzaionean baizik –batzuek urtero izaten dute eta beste batzuk 6 hilabetero–.
Horrek zer esan nahi du? Ba, nire kasuan adibidez, 2014ko urria arte berrikusketarik egin gabe egongo naizela, orduan tokatzen baitzait. Hau da, ia urtebete egon behar dut jada existitzen ez den interes-tasa bat ordaintzen. Horrek, hilean euribor +1 aplikatuta ordainduko nukeena baino ia 300 euro gehiago ordaintzea suposatzen dit, guztira 3.300 euro.
Beraz, urtebete lehenago behin betiko baliogabetu arren, 2014ko azarora arte ez da benetan desagertuko IRPHa?
Hori da, azken bezeroak azaroan libratuko dira, IRPHa bertan behera uzteko agindutik hiru urte baino gehiago pasa ondoren. Ez al da lotsagarria?
Gainera, guzti honen atzean alderdi politikoak daude, Kutxako Administrazio Kontseilua osatzen dutenak. Gaia kontseilura iritsi zenean, publikoki kutxari Euribor +1 aplikatzeko eskatzen zuten alderdi berdinek –EAJ eta PSE– Kutxa eta Kutxabanken erabakitzen dute IRPH Kutxak aplikatzen jarraitu behar zutela. Eta berdina sindikatuekin.
Eta zuek, IRPH Stop plataformatik horren aurka borrokatzen duzue, ezta?
Bai. IRPHaren kontu guzti hau iruzurra eta lapurreta iruditzen zaigu. Gu ez gara ekonomialariak, eta inork ez digu pistola buruan jarri hipoteka sinatzerakoan, baina suposatzen da horrelako kontratu bat egiterakoan profesional bat duzula aholkuak ematen eta berarekin fidatzen zara.
Ni guzti honetaz 2013an hasi nintzen konturatzen, eta nire kontura borrokan hasi nintzen. Baina herritar baten bidez, IRPH Stop Gipuzkoa plataforma existitzen zela jakin nuen. Indize horren kaltetuek elkarrekin borroka egiteko sortu zen plataforma, eta asteazkenero biltzen dira. Neu ere bertan sartu nintzen.
Lehen auzia irabazi duzue duela gutxi.
Bai, Tolosako bikote batek irabazi du auzia. IRPHa baliogabetzeaz gain, hori desagertu zenetik, haren eta Euribor +1aren arteko diferentzia itzuli behar dio Kutxak.
Albiste ona da, eta beren atzetik beste 30 salaketa doaz. Baina kontua da, agian Kutxak ez duela elegiterik aurkeztuko, kasua Auzitegi Gorenera iristen bada, IRPHdun hipoteka duten guztiei ordaindu beharko baitie. Orduan, horretara arriskatu baino, nahiago dute “kexatzen” denari ordaindu eta kitto.
Ezjakintasun handia dago kontu honekin, zergatik dela uste duzu?
10.000 pertsonei eragiten die IRPHak gipuzkoan, eta milioi eta erdiri espainia guztian, eta jendeak ez daki zer gertatzen ari den.
Zergatik gertatzen den? Ba ez dugulako interesik jartzen. Duela urte batzuk ez genion arreta handirik jartzen gastatzen genuenari, lasai bizi ginen. Baina orain krisiarekin adi gaude diruarekin, eta pixkanaka konturatzen ari gara IRPHa –eta beste gauza asko– bidegabekeria hutsa dela.
Zer egin dezakete IRPHaren kaltetuek?
Gurekin kontaktuan jar daitezela. Asteazkenero biltzen gara Donostian, Txuri-Urdin Izotz Jauregiaren eraikin berdinean dagoen CRAJ gunean, 19:00etan. Edo irphstop@gmail.com helbidera email bat bidal dezakete. Plataformako webgunean ere informazio guztia aurki dezake edonork.
Gainera, bi abokatu ditugu gurekin lanean: Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin. Abogados Res bulegoan egiten dute lan eta plataformako kasu guztiak prestatu dituzte. Muxutruk ari dira lanean eta eskertzekoa da beraien inplikazioa. Beraiekin kontaktuan jarriko genuke interesa duena.