Lehen aldiz Azpeitian egin zen, eta urte horretan Argia saria jaso zuen ekimenak. Aurten laugarrenez jarri da martxan klikmetroak ekimena; eta lau urte igaro arren, helburuak berdinak izaten jarraitzen dute. Batetik, Kilometroak jaiari oihartzuna ematea eta jendea girotzea; bestetik, babes ekonomikoa ematea. Xede bikoitza du, hortaz, ekimenak.
Helburua lortzeko, bi hanka nagusi ditu ekimenak. Alde batetik, norbanakoak, webgunera bisitari moduan sartzen direnak. Hauek metro bat egin dezakete sarean dagoen zirkuitu birtualean. Beste hankan, metro hori babesten dutenak daude. Izan ere, publizitaterako euskarri ere bada klikmetroak, metroak babesten dituen enpresa edo komertzioaren logoa agertuko baita webgunean.
Bi helburuak honela lotzen dira, eta gakoa ere hor dago, bi hanken arteko orekan. Sostegun ekonomikoa izateko babesleen beharra baitago, baina babestuko dituzten metroak ere behar dira, hau da, norbanakoak.
Orion hasi eta Gipuzkoa osora zabaldu
Antolatzaileen helburua zirkuituari bira bat ematea da, hots, 5.632 metro egitea. Horretarako pertsona kopuru horrek egin behar du klik webgunean. Antolatzaileek oriotarrak klik egiten hastea nahi dute; izan guraso, ikasle edo irakasle. Eta pixkanaka-pixkanaka Oriotik kanpora zabaltzen joan, Gipuzkoa osoko klik-ak jaso arte.
Nola egin zure metroa?
klikmetroak.kilometroak.net webgunean sartzea da lehen pausoa. Bertan, egin zure metroa aukera ikusiko duzu. Klik egin aukera horretan, eta bigarren klik batekin egin zure metroa. Horretarako hiru aukera dauzkazu: twitter, facebook edo email bidez.