Julen Alonso: "Energia guztia oholtzara eraman genuen eta agur ezin hobea eman genion Getariako txapelketari"

Karkara 2014ko eka. 2a, 16:15

Julen Alonsok eta Eneritz Aulestiak irabazi dute Getariako Trikitixa Txapelketa. Bigarren postuan Maria Lasa eta Garazi Otaegi geratu dira; hirugarren, Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea

Bost urterekin atera zion hotsa akordeoiari lehendabizikoz Julen Alonsok. Jostailuzkoa zen akordeoi hura, eta bera ere hala zebilen, jolasean. Zazpi urterekin musika eskolan izena eman zuen, eta zazpi urte beranduago, 14 urterekin, trikitixa probatu zuen. Orain trikitixarekin eta musikarekin egiten du jolas.

Akordeoia utzi eta trikitixa ikasteko hautuaz ez zara damutuko...

Hasiera batean pena eman zidan, urte asko pasa bainituen intrumetu horrekin. Kanta alaiak gustuago jotzen nituelako erabaki nuen trikitixa probatzea; pozik nago oso hartutako erabakiarekin, izan ere, ez nuen uste hona iritsiko nintzenik.

Zazpi urtetan bide luzea egin duzu. Aldapatsua ala laua?

Akoren ustez trikitixa erraza da. Nire ustez, ordea, ez. Ohiko kalejirak edo fandango eta arin-arinak jotzea ez da zaila baina txapelketa batean kanta zailagoak jo behar dira. Lehiaketa batean parte hartzeak esfortzu handia eskatzen du, lan asko egin behar izaten dugu.

Txapelketetan oholtzako kidea izaten duzu, Eneritz Aulestia, hain zuzen ere.

Pandero jolea da bera, eta berak ere lan asko egiten du txapelketetan parte hartu ahal izateko. Entsegu asko egiten ditugu, izan ere, teknika, zailtasuna eta dantzagarritasunaz gain pandero joleak ere garrantzia handia dauka puntuazioan.

Taula gaineko lagun izateaz gain, eszenatokitik kanpo ere lagun duzu Eneritz.

Ezagutu bezain pronto taula gainerako bikote egokia iruditu zitzaidan, ahots izugarria baitauka eta horrek puntuazioan eragin handia baitauka. Horrez gain, konfiantza handia daukagu, laguntasuna, eta hori ere nabaritzen da oholtzan gaudenean. Argi dago bera gabe ezberdina izango litzatekela; eskertzekoa da ematen didan laguntza eta babesa.

Azken txapelketa honetan, Getarian, zuek sortutako bi kanta aurkeztu dituzue.

Orain dela gutxi Joseba Tapiaren eskolak jasotzen hasi nintzen. Berak proposatu zidan txapelketarako piezak bion artean asmatzea, zerbait berria egitea, originala. Getarian hiru kanta jo genituen, eta horietako bi guk asmatutakoak ziren.

Tapiak, hortaz, bultzada bat eman dizu?

Denbora gutxi daramat berarekin baina laguntza asko eman dit; segurtasuna, batez ere.

Oholtzara ere ziur igotzen zara?

Beti urduri joaten gara, baina igotzerako urduritasunak alde batera utzi genituen. Entsegu asko egin genituen, hortaz, ezin genuen akats egin urduritasunagatik. Gozatzeko garaia zen eta hala egin genuen. Gainera, Eneritzen Getariako azken txapelketa zen –18 urte beteko ditu eta adin nagusikoek ezin dute parte hartu–, beraz, energia guztia oholtzara eraman genuen eta despedida ezin hobea eman genion Getariako txapelketari.

Horrenbeste txapelketa eta oraindik nerbioak dantzan?

Lehenengo txapelketatik hona aldaketa bat nabari da, Hasieran, urduriago egoten ginen; orain, ordea, lasaiago igotzen gara taulara. Ikusleak animatzen baitira are gehiago lasaitzen gara eta gehiago gozatzen dugu. Guk jotzen dugunarekin ikuslea txaloka hasten denean zoragarria izaten da, plazer absolutua.

Eta hori da txapelketetatik gehien gustatzen zaizuna?

Jendaurrean jotzeaz gain, gehien gustatzen zaidana parte hartzen dugunon artean daukagun laguntasuna da. Lehiakideak izatez gain lagunak gara; lehiaren gainetik lagun giroak egon behar du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide