Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten atzo, maiatzak 30, Antonio Campos. Ikastola mugimenduaren erreferentzi izateagatik eman dio merezimendua Euskaltzaindiak oriotarrari, 1980tik 2002ra bitarten Ikastolen elkartean aitzindari izateagatik.
Euskaltzaindiak argitaratutako oharraren arabera, Ikastola mugimenduaren hastapenetan, ikasmaterial euskaldunen edizioan, han eta hemen zeuden proiektuak Antonio Camposek hiru ildo sendotu eta eraberri zituen:
- Bertatik eta euskal pedagogia berritzailetik sortzea;
- Ekoitzitako materialen gaineko ekonomia soziala eta berriro ikerkuntzan eta garapenean (I+G) inbertitzeko sistema asmatzea;
- Hezkuntza euskaldunaren indartze eta kolonizazio linguistiko eta kulturala ekar zitzaketen enpresa-egitasmoei enpresa euskaldunen arteko lankidetza bermatzea.
12 ohorezko euskaltzain; guztira, 39
Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko bilkuran izendatu zituen atzokoan 12 ohorezko euskaltzain berri, tartean Antonio Campos. Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu dira gainerako 11 izendatuak. Euskaltzaindiako ordezkariek herenegun bertan jakinarazi zioten Camposi saria jasotzeko izendatu zutela.
Euskaltzaindiak aldiro-aldiro (2010ean izan zen aurrekoa) izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, bere arautegiaren arabera, euskarari egindako mesedeengatik.
Gaur egun, Euskaltzaindiak 39 ohorezko euskaltzain ditu.