VI. aldiz antolatuko da Aniztasun festa. Sorreran, euskara batzordeak bultzatuta sortu zen festa, helburu nagusia etorkinen kultur integrazioa bultzatzea eta gure hizkuntzara gerturatzea izanik. Sei urteren ondoren, xedea berdina da.
Egun bateko festa da, bi alde dituena: gastronomikoa eta kulturala, eta ikuskizuna. 13 herri ezberdinek hartzen dute parte eta beraien herriko berezitasun gastronomikoak jartzen dituzte salgai. 13 kultura ezberdin eta hamaika jaki aukeran.
Goizeko 11:30etatik hasita, lurralde ezberdinetako kanta, dantza, bertsolariak eta DJak izango ditugu. Egun osoko egitaraua osatuko dugu honela, ordu ezberdinetan izango baitira ikuskizunak.
Sei urte hauetan aldaketak izan ditu Kultur Aniztasunaren jaiak: lehen hiru urteetan San Pedroak baino lehen egin zen; azken bi urtetan, ordea, festetan egin da. Parte hartzaileek herriko festetatik kanpo egia nahiago dute, San Pedroek protagonismoa kentzen baitiete. Udalak, aldiz, nahiago du herriko festen barruan egin, integrazioaren helburua hobeto betetzen baita horrela.
Aldaketak izan arren, parte hartzaileak gogoz egoten dira festa egiteko. Beraien kultura erakutsi nahi dute eta jaia horretarako erakuslehio aparta da. Bestetik, jendeak ere erantzuten du, hortaz, datorren urtean ere ospatzen jarraituko dela uste dute euskara batzordekoek.