Mapa eta iparrorratza eskuan hartuta ibilbide bat jarraitzean datza orientazio lasterketa. Mapan irudikatutako puntuetara joan eta ahalik eta azkarren orientazio baliza gehien aurkitzea da helburua. Lehen aldiz antolatu du Talai Mendi mendi elkarteak horrelako proba bat Orion. Ekainaren 22an izango da.
Orientazio ekintzekin hasteko, ikastaroa egin zuten Kukuarri astearen baitan. Maiatzaren 22an eman zuen saio teorikoa Pablo Zelarainek, Gipuzkoako Orientazio Taldeko kide eta orientazio-lasterketetako korrikalariak. Orientazioaren hastapena eta teknikak, mapen irakurketa eta iparrorratzaren erabilera ezagutu zituzten ikastarora animatu zirenek, eta han ikasitakoa praktikan jarri zuten maiatzaren 24an, herrian zehar.
Probaren ezaugarriak
Orioko proban ez da iparrorratzik egongo, Orio herriaren eta inguruko mendien ortofotoa –aireko argazkia– 1:10.000 eskalan erakusten duen mapa bakarrik erabiliko dute parte hartzaileek. Ibilbidea osatzeko gehienezko denbora bat izango dute eta partaide bakoitzak bere estrategia landu eta nahi duen hurrenkeran bila ditzake balizak.
Baliza bat aurkitzean, lasterkariak kontrol txartel bat markatu beharko du, puntuak lortzeko. Baliza bakoitzak puntu kopuru desberdina izango du, distantzia eta aurkitzeko zailtasunaren arabera. Parte-hartzaile guztiak batera irtengo dira Orioko Herri Ikastolatik eta denbora amaitzerako bueltan izan behar dute, atzerapen minutuengatik puntuak kenduko baitzaizkie bestela.
Izen ematea
Probarako izen ematea edonorentzat dago irekia, orientazioan inongo esperientziarik ez dutenenak barne. Horientzako, hainbat irakasle egongo dira lehen balizak aurkitzen laguntzeko eta hasi aurretik oinarrizko azalpenak emango dira.
Lau modalitatetan parte hartu daiteke: gizonezkoak, emakumezkoak, taldeak eta familiak. Azken horretan izena emateko, 16 urtetik beherako kideren bat izan behar dute. Parte hartzaileko euro batekoa izango da inskripzioa eta erabiliko den mapako hiru euro ordaindu beharko dira.
Izena eman nahi dutenek parte hartuko duten kategoria, behar izango dituzten mapa kopurua eta taldekide kopurua –taldea edo familia bada– eman beharko dute hemen. Proba egunean ere eman daiteke izena. Informazio gehiago hemen aurki daiteke, edo telefono honetara deituz: 696 482 263 –Juanan–.