Saregileak lanera joateko zailtasunekin

Karkara 2014ko maiatzaren 30a

Kofradia berrirako bidean luizia egon zenetik, duela pare bat hilabete, ibaia zeharkatuz joan behar dute sarea konpontzera

Egoera txarrean diardute lanean saregileek azken hilabeteetan: errioaren beste aldeko kofradiarako bidean, Arribiribil inguruan, luizia izan zenetik ezin dute oinez edo ibilgailuz iritsi lantokira. Errioa baporean zeharkatuz joan behar dute sarea konpontzera saregileek apirilaren hasieratik.

Ez da batere segurua –dio langileetako batek–, eguraldi onarekin ongi, baina txarra eta euria egiten duenean edozer gauza gerta daiteke. Izan ere, sarean aberiak daudenean ordu asko pasatzen dituzte lanean, askotan gaueko hamabiak arte, eta motorrean joan behar izaten dute etxera. Oso arriskutsua da, zerbait gertatuz gero, norbait urtetara erori edo min hartu... beti beldurrez gaude.

Getariako moilarekin batera saregileen lantokia kofradia da. Gauza guztiak bertan dituzte eta zerbait behar badute hara joan behar dute bila. Gu bakarrik ez –diote–, arrantzaleak ere gaizki dabiltza. Itsasontzira eramateko materialik edo behar badute zailtasun askorekin ibiltzen dira, normalean kamioiz eramaten dituzte, baina ezin dute orain. Piezak kofradiara ekartzeko sekulako lanak hartu behar dituzte: kirol portura eraman, bertan motor batean sartu, hona ekarri eta deskargatu...

Portu zuzendaritzak atrakaleku bat utzi die kirol portuan, txalupa bertan utzi eta beste aldera pasatu ahal izateko. Baina saregileek beraiek ez dakite motorra erabiltzen eta gizonei eskatu behar diete laguntza. Jubilatuek ekartzen gaituzte beraien ontzitxoetan, guztiei molestatzen ari gara guk lana egin ahal izateko.

Aberia handiak daudenean kanpotik emakumeak etortzen dira laguntzera, batzuetan 30 pertsona baino gehiago biltzen dira. Horiekin guztiekin buelta asko egin behar dituzte txalupan, eta ordubete inguru ematen dute guztiak alde batetik bestera pasatzen.

Gaia asko luzatuko den beldur dira, inork ez baitie erantzunik ematen; hortaz, ez dakite noiz hasiko diren menditik eroritako lurra jaso eta errepidea txukuntzen. Egoera probisionala da, baina ez dakite noiz arte egongo diren horrela. Gutxienez bidea pixkabat irekiko balute, autoz haraino joan eta geratzen dena oinez egiteko, moldatuko ginake.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide