Erria txikota!

5 gune 5 kilometrotako ibilbidean

Olatz 2014ko mai. 14a, 13:35

Jaiaren hastapenetan zirkuituak zuen garrantziaz ohartarazi nahi da

Kilometro kopuruek garrantzia zuten Kilometroak jaiaren sorreran, sostengu ekonomikoa horren baitakoa baitzen. Metro kopuruak eta jendearen izerdiak baldintzatzen zuen, hein handi batean, jasoko zen diru kantitatea. Gaur egun sostengu ekonomikoaren ardatzak beste batzuk diren arren, hastapenetara joan nahi izan da eta belaunaldi berriei ibilaldiak duen garrantzia ezagutarazi nahi zaie.

Zirkuituak dituen 5 kilometro eta 632,9 metroak egitera bultzatu nahi da, eta horretarako gunetik gunera ibiliko den eskaintza ibiltari bat izango da. Horrez gain, gune bakoitzean eskaintza kultural bat egongo da zeina sekretupean gordeko den

iraila bitarte.

Bost gune bost kilometroko ibilbidean

Lehendabiziko gunea ikastolakoa da eta bi eraikinak hartuko ditu gune honek. Ikastolatik San Martinera joango da, Zakilaneko eta Oiluaneko aldapak pasa ostean. Hemen izango da bigarren gunea, eta hirugarrena, hondartzakoa izango da.

Hondartzara iristeko autobideko zubi azpitik pasa eta Abaromendiko parkinetik Udal kanpinetik barrena jarraituko du zirkuituak Interesgarria da hainbeste jende bisitan datorren egun bat izanda, kanpotarrei, kanpina erakustea. Hortaz, horretarako aprobetxatuko dugu Kilometroak eguna, azaldu du Orellak, Kilometroak Jaiaren koordinatzaileak. Kanpina pasa eta hondartzara iritsiko dira ibiltariak, hirugarren gunera.

Hondartzatik autopista azpiko zubira joango dira eta hor izango da laugarren gunea. 2004ko kilometroetatik errepikatuko den gunea izango da hau. Errioari segika iritsiko gara 5. eta azken gunera, Mendi Beltzera. 

Gune bakoitzak bere egitaraua izango du, adin tarte bakoitzari zuzendua. Honela, gune guztien artean, adin eta gustu guztietara egokitzen den egitaraua osatuko da. Atseden hartzeko, dantza egiteko, kantuan aritzeko eta jolasean ibiltzeko aukera izango dute, beraz, kilometroak jaira bertaratzen direnek. Horrez gain, ibilbidea girotzeko hainbat ekimen ibiltari antolatu ditugu. Honela, jendea ibilbidea egitera bultzatu nahi dugu, kontatu du koordinatzaileak.  

Bost gune horiez eta ibilbide ibiltariaz gain,  Abaromendin, kultur egitasmoak egingo dira. Ez dute beste guneetan bezalako planteamendua izango, hau da, oholtza handi bat eta azpiegitura sendo bat; xumeagoak izango dira, gaineratu du Orellak.

Errioak markatu ditu mugak, izan ere, hasiera batean, Errioaren beste aldera ere luzatu nahi zen ibilbidea. Baina ibaia igarotzeak arazoak ekartzen zituen, hortaz, etorrera kaskotik atera dute eta herria erabili dute zirkuitua egiteko.

Ezkutuan gordetako istorioak ibilbidean zehar

Euskadi lagunkoia egitasmoarekin bat egin du Kilometroak Jaiak. Matia institutuak garatutako proiektua da hau eta herri bakoitza zenbatean den lagunkoia neurtzen du, batez ere adinekoen ikuspuntutik. Hori neurtzeko adinekoekin elkartu dira eta parte-hartze saio batean iritziak partekatu dituzte.

Zirkuituaren argazkiak erakutsi zaizkie eta leku ezberdinek, eta oro har, zirkuituak, gogorarazten dien hori kontatu digute, azaldu du Orellak. Irudiak ikustean burura etorri zaizkien istorioak, esamoldeak eta anekdotak partekatu dituzte. Bildutako bizipenekin hamar informazio panel jarriko dituzte ibilbidean zehar. Panel horietan irudiak, esperientziak, hitzak eta esamoldeak agertuko dira. Guztiek bat egingo dute Erria Txikota! leloaren baitako hizkera ondarearekin, izan ere, adinekoen esanak oriotarrez idatziko dira.  Orellaren ustetan ekimen honek bisitariei Orioko historiaren berri emango die, baina baita herritarrei ere: Ezkutuan gordetako istorioak argitara eramango ditugu. Ziur, oriotar askok ez dakizkigun errealitateak ezagutuko ditugula panel hauen bitartez.

Bost gune garrantzitsu, ekimen ibiltaria eta adinekoen begirada. Guzti hori 5 kilometroko ibilbidean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide