Ikastolako ikasleak irrati esatari lanetan

Olatz 2014ko maiatzaren 16a

Oihan Vega kazetariak hitzaldia eman zuen, atzo, Ikastolako areto nagusian, euskarak hedabideetan duen presentziaren inguruan

133.000 entzule ditu Gazteak, 40 Principalesen aurretik dago audientzietan eta Orioko Ikastolako haurren %99ak entzuten du. Begi bistakoa da Gazteak duen sona. Bertan, soinua izango dute Lady Gaga, Rihanna, Pitbull eta Aviccik. Gutxi entzungo dira, ordea, euskal taldeak.

Desoreka horrek larrituta, euskal musika hauspotzeko 2007an erabili zuten teknikak fruitu onik eman ez zuenez, ikastetxez ikastetxe joateko erabakia hartu zuten duela bi urte. Atzo, ikastolako haurren belarriez gain begiak ere adi-adi izan zituen Oihan Vegak. Erne eta parte hartzaile egon ziren gaztetxoak. 

Lehen aldiz irrati esatari

Euskararen, hedabideen eta irratiaren inguruan hausnartzeaz gain irratiaren tripak ezagutzeko aukera izan zuten gazteek. Gaztearen funtzionamendua azaldu zien Vegak eta gazteek ikasitakoa praktikan jarri ahal izan zuten. Gazteako esatariak balira bezala, abesti ezberdinak uztartzen ibili ziren.

Demokrazian egindako irratia

Gaztetxoek play list bat osatu zuen, parrandarako eta ondo pasatzeko abestiekin. Zerrendan % 20 besterik ez ziren euskal kantuak, hain juxtu Gaztean euskal musikak duen presentzia. Izan ere, Gaztea entzuleek egiten dute. Entzuleei ematen zaie aukera sare sozial ezberdinetatik beraiekin hartu emanean jarri ahal izateko eta entzun nahi duten hori eskatzeko. Eta zer eskatzen dute? Lady Gaga, Rihanna, Pitull, Avicci...

Vegari portzentaje txikiegia iruditzen zaio %20; euskal musikak tarte handiago eduki behar duelakoan dago. Hori lortzen saiatu ziren 2007an eta top gaztea esklusibo bat sortu zuten, euskara hutsean. Gazteak babestutako talde ugari sortu ziren garai horretan, Gatibu eta Esne Beltza, esaterako. Olatu guztien aurka joaten saiatu ginen eta pareta jo genuen, aitortu du Vegak. Gazteak entzuleak galdu zituen, 40 Principalesera alde egin baitzuten. 40.000 entzuletan geratu zen eta desagertzear egon zen. 

Horri buelta emateko, erabakiak beraiek hartu beharrean entzuleei eman zien hitza eta erabakitzeko ahalmena. Eta pixkanaka-pixkanaka gora egin zuen Gazteak, 40 Principalesi pasatzeraino. Egun, audientzietan, lehen postuan da 133.000 entzulerekin.

Oihan vega

 

Inoiz dantzatuko ez luketena dantzatzen

Gora audientzietan baina behera euskal kantuen kopuruan. Gazteakoek, hortaz, kezkatuta jarraitzen dute. Euskal musikak duen egoera irratien ez da osasuntsua. Gaztea gozamenerako, dantzarako eta parrandarako irratia da, baina uste da euskaraz ezin dela ondo pasatu, horregatik du euskal musikak horren presentzia urria. Baina musika dantzagarria egin daiteke euskaraz, eta disko festetan hori frogatzen da, kontatzen du Vegak eta gaineratzen du: euskal musika eta modan dagoen musika, gazteek entzuten dutena, uztartzen ditugu eta giro ona sortzen da.

Helburu horrekin hasi ziren disko festak antolatzen, aisia euskalduntze aldera. Eta atzo, Ikastolako Gazteek ere frogatu zuten parranda euskaraz egin daitekeela.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide