Pedro Abreu zenaren biografia-liburua plazaratu du Joan Anton Abellan historialari eta idazle katalanak: Pedro Nolasco Abreu, una vida apasionante. Orion oso gizon ezaguna izan zen, XX. mendeko azken hamarkadetan, batez ere arraun giroan. Kubanoa, era horretan ezagutzen zuen jendeak Orion Pedro Abreu, arraunaren mezenas bat izan zen; lehenengo, Bañolasen, eta gero, Orion. Gizon aberatsa zen eta diruz lagundu zuen arraun kirola, baita bere inguruan egokitu zen hainbat jenderen arazoak bideratzen ere (ebakuntza-medikuak eta abar).
Abreu jaunaren familiak Kuban zuen jatorria, bera ere kubatarra zen, nahiz eta jaio Donostian jaio zen 1930ean, Kubako familia aberats baten barruan, gurasoek erabakita Donostian jaio behar zuela. Haurtzaroa eta gaztaroa Kuban pasatu zituen. Gero, 1960an, Fidel Castroren iraultza gauzatu zenean, Pedro Abreu atzerrira abiatu zen. Lehenengo, Estatu Batuetara, Floridara; eta, gero, Suitzara. Handik, urte batzuetara, Bartzelona aldera jo zuen eta handik Gironako Bañolas herrira. Han arraun giroa ezagutu zuen eta, hura gustatuta, arraunlariei diruz laguntzen hasi zen, mezenas-lana egiten. Horrek ekarri zuen Oriora ere, gure herriko arraun giroak eta klubeko arraunlarien emaitza onek erakarrita.
Orion zela, herriko neska bat ezagutu, Jaurieta baserriko Goretti Amilibia, eta harekin ezkondu zen. Bikotea Bikamiota ondoko txaletean bizitzen jarri zen. Han bizi zirela jaio zen Karen alaba. Txikiak sei hilabete zituela, 1980ko irailaren 22an, ETA politiko militarrak bahituta eraman zuen Pedro Abreu eta handik egun batzuetara dirua eskatu zuen haren askatasunaren truke. ETAk 45 egunera askatu zuen, trukean eskatzen zuten dirua jaso ondoren. Abreuk orduantxe bukatu zuen Orioko egonaldia, baita Espainiakoa ere. Suitzara jo zuen familiak, eta han bizi izan ziren, 2004ko uztailaren 10ean hil zen arte.

Biografia-liburuak XX. mendeko erradiografia bat egiten digu, Pedro Abreu kubatarraren eskutik. Maila ekonomiko handiko gizarte baten ikuspegitik, liburuak begiratu bat ematen dio iraultzaren aurreko Kubari eta Abreuren erbesteratzeari: Suitzako Ginebra, Bartzelona, Bañolas, Orio…, eta arraun giroko hainbat pasadizo eta istorio azaltzen ditu.
Iñaki Iturain