Amaitu da areto futboleko denboraldia, baina futbola ez da bukatu

Olatz 2014ko maiatzaren 21a

Futbito txapelketa antolatu dute ekainaren 28an, San Pedrotan

C.D. Orioko Mirotzak taldeak amaitu du liga. Talde berria da, aurtengoa beraien lehen liga izan baita. Halaber, pixkanaka-pixkanaka elkar ezagutzen joan dira eta maila hobetzen. Futboletik datorren jendea bildu da batez ere, eta horrek egokitzapen prozesu bat eskatu die; izan ere, futbolean jokatzeko erak ezberdinak dira bai batean, bai bestean.

Areto futbola azkarragoa eta teknikoagoa da. Jokalari kopurua, arauak eta zelaia ere ezberdinak dira. Komunean duten gauza bakarra hankarekin jolasten dela eta baloia aurkariaren atean sartu behar dela da. Ikasketa prozesua izan da, hortaz, lehen denboraldi hau oriotarrentzat.

Areto futbola biziagoa izanagatik, futbol handiak erakartzen du gehien. C.D. Orioko Mirotzak taldearen ustez horren arrazoia ekonomikoa da. Diru gehiago mugitzen denez, telebistan presentzia handiagoa dauka, eta ondorioz, gizarteak futbol handiaren berri maizago dauka. Halaber, futbol handiaren itzalpean egoteak ez die zailtasunik ekarri. Gustatzen zaielako dabiltza areto futbolean eta aritu nahi duenari ere ateak zabaltzen dizkiete.

Futbolean jokatzeko aukera San Pedrotan

Aurtengoa taldea atera duten lehen urtea izan da, baita Futbito txapelketa antolatzen duten lehenengo urtea ere. San Pedrotan, ekainaren 28an, larunbatean, izango da txapelketa. Goizeko 9:30etan hasiko da eta iraupena izena ematen duten taldeen araberakoa izango da. Dena den, gutxi gora-behera, egun osoa hartuko du lehiaketak.

Liga amaitu den arren futbolean jokatzeko gogoz jarraitzen dute C.D. Orioko Mirotzak taldekoek. Baina oraingoan herrira zabaldu dira, eta denon parte hartzea bultzatu nahi dute. Hortaz, futbolean jokatu nahi duen orok izena emateko aukera izango du. Orioko Mirotzak taldekoek ere hala izatea nahi dute, honenbestez izen ematera animatzen zaituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide