Gabon giroan dabiltza bi ikastetxeetan

Gozategi Argentina Tour 2013 2011ko abenduaren 22a

Zaraguetan atzo izan zen Olentzero eta bihar Mari Domingi joango da ikastolara

Atzo goizean, abenduaren 21a, ezusteko bisita jaso zuten Zaragueta eskolako haurrek. Olentzero azaldu zitzaien eskolan eta astorik gabe etorri zela esan zien haurrei, aberea gaixorik zeukalako. Horrez gain, Mari Domingi etxean gelditu zela, eta lan handia izango dutela gutun guztiak irakurtzen ere esan zien eta, garrantzitsuena, larunbat gauean, bera sartu ahal izateko leihoa zirrikitu txiki batekin uzteko esanaz amaitu zuen.

Bihar goizean, abenduaren 23an, Mari Domingi izango dute bisitan ikastolako txikienek. HHtik hasi eta LH 2. mailako haurrak arte, Mari Domingiri eskutitzak emateko aukera izango dute umeek. Goiza jolasean emango dute LHko ikasleek eta DBHkoek miniolinpiadak egingo dituzte urtero bezala.

Abenduaren 24an, goizean, kalez kale ibiliko dira bi ikastetxeetako ikasleak kantari. DBHko ikasleak 10etan hasiko dira eta zaharren egoitzara bisita egingo dute. LH eta HHkoak 11tan abiatuko dira gurasoekin eta irakasleekin batera.

Egun berean, goizetik eguerdira arte, elkartasun tonbola izango da plazan DBH 4. mailako ikasleek antolatuta. Han biltzen duten diruaren erdia Ruandako ikastetxe batetara bideratuko dute eta beste erdia udaberrian egingo duten ikasketa bidaia ordaintzeko erabiliko dute.

Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria

Abenduaren 24ean bertan, arratsaldez, bi ikastetxeekin batera, Arkupek, Txurrumuskik eta Udalak, Olentzero eta Mari Domingiren ongietorria antolatu dute. Arratsaldeko 17:00etan ttuntturroak aterako dira Ikastolatik eta herrian buelta emango dute Olentzero datorrela esateko. Musika eskolatik, 17:30ean, Mari eta sorginak abiatuko dira eta, Goiko Kaletik ibili ostean, Bikamiotara, Arrantzale kalera eta handik plazara joango dira. Galtzagorriak Kosta tailerretik irtengo dira eta horiek ere plazaraino joango dira. Artzainak eta Basajaun gaztetxetik irtengo dira Anibarko Portura eta handik, errio ondotik, plazaraino joango dira horiek ere.

17:30etik 18:30era, galtzagorriak Olentzero eta Mari Domingirentzat diren eskutitzak jasoko dituzte eta txokolate beroa banatuko da. 18:00etan iritsiko dira plazara Mari Domingi eta Olentzero. Otxoteak abestuko du ongietorria emateko eta, gero, kalejira egingo dute. Bidean lau geldialdi egingo ditu desfileak, Kultur Etxean, Sarasua parean, Itziar kirolak dendaren atzeko aldean eta Arkaitz tabernaren parean. Antillara iristean, datorren urtera arte agur esango digute Olentzerok eta Mari Domingik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide