Orioko Udalak familia ugarientzako hobariak emateko tartea zabaldu zuen urtarrilaren 11n eta sei aste eta erdiz zabalik izango da eskaerak aurkezteko txanda, otsailaren 24a arte.
Familia ugariaren izaera kreditatuta daukatenek etxebizitza bakarrarentzat eska dezakete hobaria, baldin eta higiezinaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa bada.
Hauek izango dira Udalak emango dituen hobariak: 3 seme-alaba dituzten familientzako: %52,50; 4 seme-alaba dituzten familientzako: %63; eta 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familientzako: %73,50.
Laguntza horiek eskatu nahi dituztenek udal bulegoetara jo behar dute esandako epearen barruan eta honako ordutegian: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera. Bertan emango zaien instantzia bete beharko dute eta instantzia hori eta familia ugariaren txartelaz gain, izaera urbanoko ondasun higiezinaren azken ordainagiria ordaindu izana kreditatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute.
Interesatuek gogoan izan behar dute, aurrez aurkeztu badira ere, urtero aurkeztu behar dela hobariaren eskaera.