Atzo, urtarrilaren 30a, iluntzeko 20:00etan, ez-ohiko udalbatzarra egin zen Orioko udaletxean. Alkateak azaldu bezala, batzordeen bilerak-eta izan zituztelako, ostegunetik astelehenera pasa zuten plenoa.
Gai zerrendaren ordena aldatu zuten lehenik eta behin, 8. puntuan EAJ talde politikoak lapurtutako haurren ustezko sarea dela-eta sustatutako Orioko Udalaren Adierazpen Instituzionala zegoen, baina bertaratutako batzuen eskariz, lehenengo puntua izatera pasa zen.
Horrez gain, Orain taldeak, 3. eta 4. puntuak mahai gainean uzteko eskaera egin zuen. Bozketa egin zuten eta Bildu eta Orainen baiezko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, aldeko 7 boto jasota mahai gainean geratu ziren bi puntu horiek. Gauzak horrela, 2012rako aurrekontuak oraindik onartu gabe geratu ziren, baita 2012rako langileen zerrenda organikoa eta lanpostuen zerrenda ere.
Onartu ez zen puntu bakarra, Orioko Udalak Azkoitia, Zarautz, Urretxu, Errenteria eta Ormaiztegiko udalekin, Kutxaren gobernu organoak aukeratzeko taldea osatzearena izan zen. EAJk ezezko 6 boto eman zituen, Bilduk aldeko 5 eta Orain abstenitu egin zen.
Gainontzeko puntu guztiak onartu ziren. Arraun teknifikazio zentroaren puntuak eztabaida asko sortu zuen eta Bildu eta Orainek proiektuaren aldaketa onartu zuten eta EAJk ezezko botoa eman zuen. Bildu talde politikoak , Kutxabankeko Kontseilari Nagusiak izendatzeari buruz aurkeztutako mozioak ere eztabaida sortu zuen, baina Bildu eta Orainen aldeko botoekin onartua izan zen.
Azkenik, Jokin Izagirre, Orain taldeko zinegotziak, bere karguari uko egin zion. Zerrendan hurrengoa zen Mikel Aranzabalek ere, lan kontuak bitarteko, uko egin zion zegokion karguari eta, ondorioz, Joxe Angel Iparragirrek hartuko du Jokin Izagirrek utzitako kargua. Beñat Solaberrieta alkateak bere esker ona adierazi zion Jokin Izagirreri Udalean egindako lanagatik.
Eskari-galderen tartean eztabaida sakona izan zen EAJk kaleratutako idatzi baten ondorioz.
Hori eta gainontzekoa entzun ahal izateko, azpian duzue aukera –lehen minutu eta erdian ez dago hitzik, alkateak plenoari hasiera eman arte–.