Hondarribiak irabazi zuen 18. Oriako traineruen jaitsiera

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko otsailaren 27a

Goizeko arraunaren ginkanan ere haiek izan ziren irabazlea

Goizeko 11:00etarako jendea ikastola aurreko plazara gerturatzen hasi zen. Eusko Label sagardoaren ginkanak kuriositatea piztu zion bati baino gehiagori eta, ordu laurden atzeratu bazen ere, jende mordoxka bat bildu zen hura ikusteko asmoarekin.

Proba desberdinak egin eta gero –ergometroan neskak eta mutilak, lokotx biltzen eta arraunaren inguruko galderak erantzuten– Hondarribia izan zen irabazle Orioren aurretik. Atzetik segidan izan ziren San Pedro, Zarautz eta Ondarroa.

Goizeko ekitaldiari bukaera emateko, Egunsenti otxoteak bere kantu-jirari hasiera eman zion. Ginkana bukatutakoan jende asko gerturatu zen sagardoa probatzera eta txorizo pintxoak jatera.

Bazkalondoren jendea gerturatzen hasi zen errio ingurura. Jende asko bildu zen traineruen lehia ikustera eta eguraldiak errespetatu zuen jendetza.

Hondarribia izan zen jaitsierako irabazlea 20 minutu eta 36 segundotan geratu zuen kronometroa Mapil eta Salatxo arteko bidea egiteko. Bigarren San Juan izan zen 12 segundora; hirugarren eta laugarren, ehunenekoen diferentziarekin, Urdaibai eta San Pedro 15 segundora; eta bosgarren izan zen Orio 18 segundora.

Sari banaketa plazako oholtzaren gainean egin zen eta atzetik sokatirako desafioa izan zen Aginaga eta Orioren artean. Oriotarrek irabazi zuten desafioa, tirada guztiak irabazita. Afaritan 150 inguru lagun juntatu ziren frontoian eta atzetik festak Xabi Arostegi DJaren emanaldiarekin jarraitu zuen plazan.

Egun borobila arraun-zaleentzat. 

Argazkiak

Luis Lizarralde Bixki eta Joxemari Olasagasti, besteak beste, argazkiak egiten ibili zen egun hartan. Karkarak ere mordoa egin zuen. Momentuz, Luisen eta Joxemariren  argazki galeria uzten dizuegu ikusten joateko:

Jaitsierakoak (Luis Lizarralde)

Jaitsierakoak (Joxemari Olasagasti)

Sokatirakoak (Luis Lizarralde)

Ginkanakoak (Joxemari Olasagasti)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide