Martxoaren 8a, emakumearen eguna da gaur. Hori dela eta, Orioko Udalak eta Xaltxerak taldeak bideo emanaldia eta afari-pasa antolatu dute. Iluntzean, 20:00etan, hasiko dira bideo emanaldiarekin eta Antonia's Line 1995eko pelikula ikusiko dute.
Marleen Gorrisek idatzi eta zuzendu zuen pelikula. Maitagarrien ipuin feminista bat bezala definitu zuen zuzendariak. Antoniaren istorioa kontatzen du. Bere jaioterrira itzuli eta bertan oso estua izango den komunitate matriarkal bat eraikitzen duen emakume baten istorioa.
Gai asko barnebiltzen dituen pelikula da: heriotza, sexualitatea, intimitatea, lesbianismoa, laguntasuna eta maitasuna.
Familietako leinuak gizonen historien bidez kontatu izan dira beti, zergatik? Beti hitz egiten da seme batez, semeaz. Eta non geratzen da emakumeen papera? Antonia's line pelikulan emakumeengandik eta emakumeaz hitz egiten du Marleen Gorrisek.
Behin pelikula ikusita, eztabaidarako tartea irekiko da. Alde batetik, filmaren inguruko iritzia eta bizipenak konpartitu eta, horrez gain, gaiari lotutako hausnarketak sustatzeko. Modu parte-hartzailean denen iritzia kontutan hartuz, berdintasun gaietan sakontzea da asmoa, pelikulan ikusi den hori norberaren inguruarekin konparazioa eginez eta egunerokotasunean islatuz esan dute antolatzaileek.
Inork presarik ez edukitzeko, mokadutxo bat eramango dute bideoa ikusten geratzen direnentzat.