Martxoaren 21ean hamar urte bete ziren, garai hartan, Orioko Udalean,PSE-EEko zinegotzia zen Juan Priede, ETAk tiroz hil zuela. Hori dela-eta, urtero egiten duten bezala, Priederi omenaldia egin zioten larunbat eguerdian senideek, lagunek eta alderdikideek Orioko hilerrian.
Lore eskaintza egin zuten Priederen hilobiaren aurrean eta ekitaldian ziren haren hiru seme-alabak eta baita PSE-EEko hainbat politikari ere: Jesus Egiguren, PSE-EEko presidentea; Jesus Loza, Eusko Jaurlaritzaren Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintaria; Miguel Buen, Herrizaingo Sailburuordea; Manuel Huertas, PSE-EEko Gipuzkoako presidentea; Maixabel Lasa, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria; Txiki Benegas, politikaria; Patxi Elola, Zarauzko Udaleko PSE-EEko zinegotzia; eta Gorka Landaburu, kazetaria.
Huertasek adierazi zuen balio eta printzipioekin konprometitua zegoen zinegotzia izateagatik hil zutela Priede eta giza eskubideen eta gizarte justuago baten alde lan egin zuela gogoratu zuen. Gaineratu zuen, gustatuko litzaiokeela ETAren urriko mezua entzuteko eta Patxi Lopez Lehendakaritzan ikusteko beste bizi izan balitz Juan Priede. Bestalde, omenaldira bizkartzainik gabe joatea poztekoa zela ere esan zuen, garai berri bat hasi dela, eta itxaropena dugu behin betirako amaituko dela indarkeria. Behin betiko bakea, berriz, ETA desagertzen denean iritsiko da.
Internazionala abestuz bukatu zuten omenaldia.