Asteburuetan herriko plaza ibilgailuentzat ixtea aztertuko dute Udalean

Irati 2012ko martxoaren 27a

Obrak eta zerbitzuak batzordean aztertuko dute proposamena

Alkatetzak proposatuta, Obren eta zerbitzuen batzordean aztertuko dute larunbatetan eta igandeetan Herriko Plaza ibilgailuentzat ixteko aukera. Asteburuetan, plaza inguruan jende dezente ibiltzen dela eta, herritarren lasaitasun eta erosotasunari begirako proposamena da. Asmoa da, plaza herritarren bilgune izatea; oinezkoak, aisia gunean, eroso ibil daitezela; batez ere, familiek, haurrek eta gaztetxoenek lasai ibiltzeko aukera izan dezatela. Bide batez, trafikoak sor ditzakeen arriskuak ekidin nahi dira.

Proposamenak aurrera egingo balu, trafiko aldaketa batzuk ekarriko lituzke. Herriko festetan egiten den bezala, kaian zirkulazioaren norabidea aldatu egingo litzateke. Hau da, ibilgailuak kaitik barrena sartuko lirateke herrira eta herritik ateratzeko, nahitaez, Txanka-hondartzako bidea erabili beharko lukete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide