Ionut Ailin Zinca eta Ana Conde garaile Orioko 2. mendi lasterketan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko apirilaren 2a

Sonia Alonso eta Aitor Rubio izan ziren lehen oriotarrak

Giro ederrarekin lehiatu zen Orioko 2. mendi lasterketa. Erritmo bizi-biziarekin hasi ziren korrikalariak ibilbidea betetzen, eta 10 minuturako San Martindik jaitsi eta Erretzabalera bidean jarri ziren lehenengoak.

Ibilbide gogorra zuten aurretik baina ez ziren kikildu eta martxa arinean jarraitu zuten aurrera. Etxaiz, Kukuarri, Lusarbe, Itxaspe, Puntarri eta hondartzatik pasa ondoren, ikusmina piztu zuen San Juango aldapa igo behar zuten korrikalariek.

Jende asko bertaratu zen maldaren zati gogorrena ikustera. Kilometro erdiko pendiza zuten aurrez aurre ibilbideko 15. kilometroan. Dena dela, hara iristen zirenek bazekiten behin oztopo hura gaindituta zuzen-zuzen iritsiko zirela helmugaraino.

Helmugan lehena Ionut Ailin Zinca gasteiztarra izan zen 1:28:55ean geratu zuen erlojua. Atzetik Pedro Jose Hernandez Plasenciako –Badajoz– korrikalaria iritsi zen 1:30:00ko denbora eginda eta hirugarren Gontzal Sanz gasteiztarra 1:35:17ko denboraz.

Lehen emakumea Ana Conde gasteiztarra izan zen 1:48:42an eginaz ibilbidea, bigarren Maite Maiora mendarotarra 1:53:15eko denborarekin eta hirugarren Montserrat Vazquez bilbotarra 1:56:30ean geratuz erlojua.

Lehen oriotarrak Sonia Alonso eta Aitor Rubio izan ziren –Xabi Garatek, Orion urte batzuk erroldatuta eman arren, zarauztar bezala hartu baitzuen parte–. Rubiok 1:43:58 behar izan zuen ibilbidea egiteko eta 17. izan zen; Alonso, berriz, 173. izan zen helmugan 2:12:34ko denborarekin.

Lasterkari gehiagok hartu bazuten parte ere, 291 iritsi ziren Orioko Ikastolako helmugara. Antolatzaileak pozik agertu ziren bigarren aldiz lasterketak izan duen harrera onagatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide