Legealdi berria hasi zenetik orain arte egindako lanen gorabeheren berri eman zuten pasa den martxoaren 30ean Beñat Solaberrieta alkateak eta Amaia Dorronsoro Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Urtebete baino gutxiago igaro denean 150.000tik gora euro gastatu behar izan dituztela esanez hasi zuen hizketaldia Beñat Solaberrietak. Azpiegituren mantentzea eta zerbitzuak egokitzea oinarrizko zerbait dela esan zuen alkateak,askotan ikusten ez diren ekintzak badira ere.
Amaia Dorronsorok hartu zuen hitza jarraian eta herriko hainbat azpiegituren egoeraz eta haietan egin diren gastuez hitz egin zuen. Mendibeltz zelaiaren azpiko garajeen obrak 2006ako abenduan egin ziren. Duela sei urte. Obrak bukatu, bukatu ziren, baina nola? Hezetasun ikaragarria zegon garajeetan eta argiteriaren egoera benetan eskasa zen. Hala, esku-hartu eta arazoei irtenbidea emanez, garajeak txukun-txukun jarrita, garaje itxiak salgai jartzea ahalbidetu da, eta lan hauek egin ahal izateko 42.000 bideratu dira, esan zuen Amaia Dorronsorok.
Baina ez dira hezetasun arazo bakarrak izan Dorronsorok esan zuenez. Kosta tailerrean ere 12.000 euroko konponketa lanak egin dira. Azken obra 2010eko otsailean amaitu zen. Baina bi urte igaro baino lehen, berriz ere berritze eta egokitzapen lanak egin behar izan ditugu, teilatutik ura sartzen zelako. 2010eko berritze lanak epe luzera begirako inbertsio ziren, 339.000 euroko kostua izan zutelako obrek, baina bi urte baino lehenago, konponketa lanak egin behar izan dira eta hori ez da normala izaten.
Hezetasunekin izandako arazoen aurrean kalte-ordainik eskatuko duten galdetu zieten Solaberrietari eta Dorronsorori eta horrela erantzun zuten: eskatu eskatu dira, baina enpresetako batzuk itxi egin dira eta, ondorioz, guk egin behar izango diegu gastu horiei aurre.
Abaromendiko etxebizitza tasatuetan 80.000 euroko inbertsioa ekarri duten konponketak egin dituzte eta kiroldegian 18.000 euro gastatu instalazio elektrikoak hobetzeko. Horrez gain, egin diren bestelako lanen berri eman zuen Obra eta Zerbitzuen Batzordeko burua den Amaia Dorronsorok: Oa kaleko eskailerak pintatu dira, Motondo eta inguruak txukundu, luzaroan utzita zegoen Munto pasealekuko belarra txukundu, Iturbide kaleko zolatua hobetu da –60.000 euro–, Goiko Kaleko umeen parkeko lurra berritu da eta hondartza aldean petrilak konpondu, ahateen hesia jarri eta autokarabanentzako gunea egokitu da beste hainbat ekintzen artean.
Zerbitzuei dagokienean, lorezaintza zerbitzuaren eta garbitasun eta hondakinen kudeaketaren zerbitzuaz arduratzen diren enpresen kontratuak 2009an bukatu zirela eta haiei heltzeko asmoa dutela azaldu zuen Dorronsorok: urteetan geldi mantendu dira kontratuok eta bada garaia zerbitzu hauen esleipena martxan jartzekoa; lehiaketa publiko bidez egingo da.