Alos Quarteten kontzertu pedagogikoa izango da apirilaren 26an

Irati 2012ko apirilaren 12a

Harizko instrumentuei buruzko azalpenak emango dituzte

Apirilaren 26an, Alos Quartet soka taldearen kontzertu pedagogikoa izango da Orioko Kultur Etxean, 17:30ean. Xabier Zeberio –biolina–, Francisco Herrero –biolina–, Lorena Nuñez –biola– eta Pello Ramirezek –biolontxeloa– osatzen dute taldea eta sokazko musika tresnen soinuei buruzko azalpenak eman ondoren, tresna horien historian barrena musika ibilaldia egingo dute musikariek eta entzuleek: Antzinarotik egungo garaietara Errenazimendutik pasatuta.

Kontzertu pedagogikoan hari igurtzizko instrumentuei buruz hitz egingo dute. Honelako instrumentuetan soinua nola sortzen den azalduz eta zenbait soinuren emisioa erakutsiz –arrunta, sordinarekin, sul ponticello, sul tasto, pizzicato...

Azalpen horien ondoren, familia horretako instrumentuen historian murgilduko dira. Antzinakoak –arrabita, fidula, lira, nyckelharpa...–. Errenazimenduan, berriz, bi familia garrantzitsu agertu zirela esango dute: viola da gambak eta biolinak eta kontzertu pedagogikoan, hain zuzen ere, azken horri erreparatuko diote bereziki. Batetik, familiako kideak aurkeztuz –biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua–, eta bestetik, instrumentuaren atalak, hauek eraikitzeko zein material erabiltzen diren eta beraien eboluzio organologikoa zein izan den.
Azkenik, instrumentuei elektrizitatea nola erantsi zaien komentatuko eta erakutsiko dute.

Alos Quartet musika klasiko zein modernoan ibilbide artistiko zabala duten musikariz osatua dago. Ospe handiko orkestrekin lan egiteaz gain, laukoteko partaideak folk taldeetako kide ere badira, eta musikari ezagunekin aritu dira, hala nola: Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Mikel Markez, Oskorri, Kepa Junkera, Bide Ertzean, Ken Zazpi, Niko Etxart, Rafa Rueda

Alos Quarteten errepertorioa honakoa da:

  • Ragtime - S. Dobrogosz
  • Pizzicato Polka - J. Strauss
  • Sempr`a Virgem groriosa - Cantiga Sta. María
  • 5. zenbakia dantza hungariarra - J. Brahms
  • Ilargia - Ken-7


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide