Kirolgi-OBB Orioko taldeak salto handia eman zuen asteburuan Valentziako Antorcha taldearen aurkako bi partiduak irabazi eta gero.
Lehenengoan, Bate Bizkorrek 6 karrera egin zituzten eta Antorchakoek, berriz, hiru. Gipuzkoako taldearen aldetik aipatzekoa da batetik Yohanka Ramosen lana bateatzeko orduan eta, bestetik, Ane Barandiaranen pitcher lana.
Bigarren partidan alde handiagoarekin irabazi zuten horiek: 5-14. OBBkoek beren potentzial guztia atera zuten bateatzeko garaian aurreko partiduko 10 hitei 15 gehiago gehituz. Partidu horretan Rosa Blanes jaurtitzailearen lana aipagarria izan zen, iaz bere taldea izan baitzen Valentziako Antorcha. Azkenik, Paula Pegenaute Burlades gaztearen debuta ezin da aipatu gabe utzi.
Datorren asteburuan bertan behera utzitako partida errekuperatuko dute Gipuzkoako beste taldearen, Atlético San Sebastiánen, aurka.