Maiatzaren 13an, igandearekin, VIII. Erniopeko zortzi herrien arteko ibilaldia izango da. Larraulen hasi eta amaituko da ibilaldia eta tartean Asteasu, Aia, Errezil, Bidegoian, Albiztur, Hernialde eta Alkizatik pasatuko dira ibiltariak. Izan ere, ibilaldi honen helburua da parte hartzaile guztiei herri hauek bidez-bide eta basoz-baso,gure aurrekoek oinez igarotzen zituzten antzera, erakustea eta ezagutaraztea.
Larraulen abiatu eta beherantz Asteasura iritsi, herriko plaza gurutzatu eta Elizmendira igoko dira ibilaldian parte hartzen dutenak. Gora segi eta Ernio eta Gazume atzean utzita, bi bailaren arteko gainera iritsiko dira, Bulano baserrira. Hurrengo herria Aia izango da eta hara iristeko lehenengo Andatza auzora jaitsiko dira, Aristerrazuko plazara eta gero Aiako herri kaskora. Aian egonalditxoa egin –jan-edana aukeran izango da– eta gogotik heldu beharko diote Ernio-txikiko igoera gogorrari.Iturriozko Bentatik barrena, Zelatungo zeharbidera igoera luzatu eta han ere atseden pixka bat hartu ahal izango dute mendizaleek. Zelatundik, Ernioko beste magalera, Errezilera, jaitsi eta plazara iristean, han ere jan eta edateko gunea izango da. Gero, erreka ondotik igo eta bidea zeharkatuz Bidegoianera iritsiko dira. Baina, ibilbide guztian bezala, laua gutxi izanik, berriz ere aldapan behera abiatu eta Albizturrera iritsiko dira. Aldapa luzetik Artzubiko hegalera iritsi eta Hernialdera jaitsiko dira. Ernioko harkaitzak ezkerretara utzi eta Alkizarantz jarraituko dute, hasieran jaisten eta azken unean aldapatxo bat igoz, plazara iristeko. Hurrengo herria Larraul izango da, ibilbidearen helmuga eta Alkizatik 2,5 kilometro eskasera, Ernio magalean, amaituko dute ibilaldia partaideek.Hala ere, izango da ibilbide laburrago bat egiteko aukera.
Ibilaldi horretarako izena eman nahi dutenek www.erniozaleak.org web orrian dute horretarako aukera, baita informazio gehiago jasotzekoa ere. Hala ere, ibilaldiko egunean, irteera ordua baino ordubete lehenagora arte aukera egongo da izena emateko.