Ez da urte gehiegi pasa Orion 18 urtetik gorako nesken talde bat zutenetik. Izen asko eta ez nolanahikoak Gipuzkoako saskibaloiarentzat. Asteburu honetan ere oriotarrik izango da Gipuzkoako Emakumeen Lauko Finalean jokatzen; Murkil ZASTen izenean bada ere. Larunbatean eta igandean jokatuko da aurtengo lauko finala Karela kiroldegian.
Txapelketari hasiera emateko Murkil ZASTeko neskak Eskoriatza hartuko dute, larunbatean, maiatzaren 5a, arratsaldeko 16:00etan. Murkileko neskek denboraldi aparta egin dute eta multzoburu bezala pasa dira lauko finalera. Faborito diren arren, Eskoriatzaren aurka galtzea zer den badakite eta neurketa gogorra espero dute Eneko Landaren neskek.
Beste finalerdia Donostiako bi taldek jokatuko dute. Cafés Aitona-Askatuak batetik eta Atlético San Sebastián bestetik. Balantze bera lortu dute bi taldeek 9 garaipen eta 5 porrot, baina Askatuakeko neskek beren alde zuten averagea eta bigarren postuan pasa dira lauko finalera. Hauen neurketa ere estua iragartzen da. Joaneko partida 9 puntuz irabazi zuten Cafés Aitonako neskek eta itzulerakoa 4 puntuz baino ezin izan zuten eskuratu garaipena.
Atléticoko neskak joko ona egiten ari dira azken neurketetan eta hirugarrenean ere irabazteko borrokatuko dute. Bi finalerdietako irabazleek igandean, maiatzak 6, jokatuko dute finala, goizeko 11:00etan Karela kiroldegian. Sari handia dute jokoan, datorren urtean liga nazionaleko 2. mailan lehiatzea. Lau talde eta toki bakarra. Iaz atarian geratutako jokalari asko lehian. Ikuskizuna ziurtatuta izango da Orion.