Zaragueta eskolako mendizaleak asteburu pasa joango dira Hondarribira

Irati 2012ko mai. 10a, 11:04

Xoldokogaina mendira igoko dira larunbatean

Zaragueta Herri Eskolako mendizaleak asteburu pasa joango dira, maiatzaren 12 eta 13an, Hondarribiko Aterpetxera, Guraso Elkarteko Mendi Taldearen eskutik. Ikasleek eta gurasoek bi eguneko egonaldia egingo dute. Larunbat goizean Iparraldean ibiliko dira eta Pirinioetako lehen mendia igoko dute, Xoldokogaina, handik Iparraldeko kosta eta Txingudi badiaren ikuspegi ederraz gozatuz. Ondoren, Biriatun bazkaldu eta Hondarribiko aterpetxera joko dute. Herrian eta hondartzan ibili ondoren, aterpean afalduko dute. Igandean, berriz, goizean, Hondarribitik Pasaia aldera doan kosta-bidean ibiliko dira.

Antolatzaileen esanetan ikasturte honetako irteerek harrera ona izan dute; 30 lagun ibili dira batez beste. Lehenengo irteeran Kukuarrira joan ziren eta, ondoren, Pagoetako natur parkea, Aiako Harriak, Urdaburu, Onddi eta Pasaia-Donostia kosta-bidea pasa dituzte.

Ikasle eta gurasoei ez ezik antolatzaileek, gonbitea egin nahi diete Xoldokogaina mendira haiekin batera joan nahi duten herritarrei. Horretarako, Zaragueta Herri Eskolan elkartuko dira, larunbatean 09:45ean.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide