Larunbateko topaketan ia 300 trikitilari eta pandero jotzaile arituko dira

Irati 2012ko maiatzaren 10a

Olatu Talka ekimenaren barruan ostiralean ere kontzertua izango da

Lau urte barru Donostia izango da Kultur Hiriburu eta, maiatzean, Olatu Talka jaialdia abian jarri, eta Donostiatik hainbat herritara zabalduko dira ekitaldiak. Oriora ere iritsiko dira hainbat kultur saio. Izan ere, maiatzaren 11n, ostiralarekin El Cachivache Tango laukoak kontzertua eskainiko du 18:30ean, Biktimen aldeko plazan.

Trikitixa

Maiatzaren 12an, berriz, Danbolin Musika Eskolak antolatutako Trikitixa eta Pandero topaketa izango da. Euskal Herriko 14 musika eskolatatik etorriko dira ikasle eta irakasleak kalejiran eta kontzertuan  trikitixa doinuak ekartzera, Olatu Talka ekimenaren barruan. Gipuzkoako 13 musika eskolak eta Arabako batek hartuko dute parte; guztira, trikitixa eta panderoko ia 300 ikasle eta irakasle. Honakoa izango da trikitilarien egitaraua:

  • 09:45 Ikastola aurreko plazan elkartu.
  • 10:00-11:00 Entsegua.
  • 11:00: 11:30 Hamaiketakoa.
  • 11:30-12:30 Kalejira, Orioko kaleetan barrena.
  • 13:00 Kontzertua, Ikastola aurreko plazan. Eguraldi txarra  eginez gero, kiroldegian. Sei abesti joko dituzte: Faustino Azpiazu Sakabi eta Joxe Mari Urkola EgaƱazpi trikitilarien hiru pieza, trikitilarientzat eredu direnak gogoan izateko;  fandango, arin-arin eta rantxera banarekin osatuko dute emanaldia.


 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide