Bidasoako 40. Itzuliko etapa izango da Orion

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko maiatzaren 10a

Maiatzaren 11n, ostirala, Arrantzale kalean hasi eta bukatuko da lasterketa

 

Bidasoako 40. Itzuliko 3. etapak, bihar, maiatzaren 11, Orion izango ditu irteera eta helmuga. Etapak 90 kilometroko luzera izango du eta, Orioz gain, Aiatik ere igaroko dira txirrindulariak. Ibilbide gogorra izango dute 23 urtez azpiko lasterkariek, eta azken kilometroetan Arrutiko aldapa gogorrari egin beharko diote aurre.

Behin Aiara iritsita, Orio aldera egingo dute buelta eta Arrantzale kalean jarriko den helmugara Txankako errepidetik etorriko dira. Irteera neutralziatua 14:30ean egingo da, Arrantzale kaletik barrena ibilgailuen ohiko irteeratik barrena. Behin ibilbidea osatuta, 16:45 aldera itzuliko direla aurreikusten dute itzuliko antolatzaileek. Sari banaketa Arrantzale kalean, 2 eta 4 zenbakien artean, jarriko den podiumean egingo da.

Lehen etapa atzo, maiatzaren 9a, jokatu zen Irun eta Hendaia artean eta esprintean bukatu zen lasterketa, Caja Rural taldeko Carlos Anton Jimenezen garaipenarekin. Gaur, maiatzak 10, osteguna, Hondarribian hasi eta bukatuko da lasterketa eta helmugarako 10 kilometroren faltan Jaizkibel izango dute txirrindulariek.

Trafiko aldaketak

Lasterketako ibilgailuek Ikastola ondoko plazan aparkatuko dute eta kontu handiz ibiltzea gomendatzen zaie oinezkoei, batez ere etapa bukatzen denean. Erribera kaletik sartuko dira taldeetako autoak eta Karela inguruko espaloitik sartuko dira Ikastola ondoko plazara.

Horrez gain, lasterketa dela-eta, Orioko hainbat kaleetan aparkatzeko debekua ezarriko da. Arrantzale kalean, egun osoan; Abeslari kalean, egun osoan; herriko plazan, lasterketa irteterakoan eta, Aritzagan, lasterketa irteterakoan. Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz zelaiaren ondoko aparkalekua edo autopista azpiko aparkalekua erabiltzea gomendatzen dute Orioko Udaltzaingotik. Gainera, bezperatik mugitzen hasten badira gauzak asko erraztuko direla ere adierazi dute antolatzaileek.

Seguros Bilbao taldekoak ikastolan

Seguros Bilboko txirrindulariak ere izango dira Bidasoako Itzulian. Hori dela eta, Santi Barranco zuzendaria eta haren gidaritzapean dabiltzan lau txirrindulari asteartean Orioko Ikastolan izan ziren LH 6. mailako ikasleekin.

Karkaran elkarrizketatu genituen Cristobal Sánchez eta Alexis Gandíaz gain, Bernardo Ayuso eta Marcos Jurado ere joan ziren ikasleekin hitz egitera. Lau txirrindulariek Orion ematen dituzte kontzentrazioko hilabeteak, eta Bidasoako Itzuliaren aitzakian, ikastolara joan ziren.

Bukaeran, gainera, hainbat material zozketatu zuten ikasleen artean eta sinadurak ere banatu zituzten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide