"Plazer bat izan duk, Benito!" liburua aurkeztu dute

Irati 2012ko mai. 29a, 17:21

Mikel Markezek eta Pako Aristik egin dute Benito Lertxundiri buruzko lana.

Mikel Markezek eta Pako Aristik Donostian aurkeztu dute, Literaturiaren egitarauaren barruan,  Plazer bat izan duk, Benito liburua.  Benito Lertxundi protagonista duen ez ohiko liburua, egileen esanetan generoari dagokionez hibridoa da. Elkarrek argitaratu du lana.

Urtetan elkartu dira Benito Lertxundi, Pako Aristi eta Mikel Markez: hilero-hilero, bakoitzaren herrian txandaka, lasai bazkaldu eta bazkalondo luzean hitz-aspertu bat izateko, honetaz eta hartaz. Aristi eta Markez pribilegiatuak sentitu ziren, Benito intimo eta hurbil bat ezagutzeko aukera izan zutelako, oso jende gutxik bezala, eta pentsatu zuten solasaldi haietan oinarrituta liburu bat egitea.

Hainbat gai agertzen dira orriotan: musikaz gain, bizitza eta heriotza, Euskal Herriaren izatea eta munduaren zentzua edo zentzurik eza… Horien guztien bitartez Benito Lertxundi desberdin bat deskubritzeko aukera emango du liburuak: hausnarketaren eta esperientziaren bitartez pentsamendu propio eta berezia landu duena, bizitzaren aurrean jarrera pertsonala hartzen eta koherentziaz jokatzen jakin duena. Kantari ezagunaren atzean dagoen, pentsalari original eta sakon bat aurkeztu dute Aristik eta Markezek liburuan

Pako Aristi eta Mikel Markez luze jardun ziren aurkezpenean, baina Benito Lertxundik liburuari buruz esandakoak ere jaso ditu argitaletxeak. Jarraitzaileentzat sorpresa izango ote den galdetuta honela erantzun du Lertxundik: Ez dakit sorpresa bat izan den, edo eta izango den ere. Dena den, horrek ez nau batere kezkatzen, solasaldi batzuen ondorioa izan da liburua. Hasieran kafe bat hartuz elkartzen ginen, gero afari bat antolatuz… Halako batean grabagailu bat agertu zen mahai gainean eta hor jaso zituzten ez dakit zenbat otorduetan hitz egindakoak eta pentsatu zuten liburu hau egitea. Nik horretan erreparo puntu bat izan nuen… Erreparoa izan arren lanarekin aurrera egin zuten, ordea: Aurrena elkarrizketa formatoan egindako borradorea zen. Horrek ez zidan grazia handirik egin, liburuak beste zerbait eskaini behar zuela ikusten nuen nik, saiakera kutsua izan behar zuela. Nik esandako gauzak beraien galbahetik pasa behar zituztela, adibide bezala jarri nien, hiri batera zoazenean hiri horretan jasotako informazioaren inpresioak zirela garrantzia zutenak. Hiria ez da mintzo, hiriak gauzak iradokitzen ditu, eta hori egiten saiatu dira Mikel eta Pako ere

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide