Askorentzat ezezaguna izango da Karmele Esnalen izena, baina beste hainbati ezaguna egingo zaie. Orion jaio zen 1933an, plaza inguruko etxe batean. Aita getariarra zuen eta ama oriotarra. Eskabetxeria bat eta denda txiki bat zituzten familiakoek Orion. Karmele, Maria maistrarenean ibili zen umetan, eskola publikora joan aurretik. Zazpi urte zituenean Donostiara joan ziren bizitzera eta han egin zuen batxilerra, San Bartolome ikastetxean.
Magisteritza ikasketak egin zituen beranduago, hiru urtez Gasteizen eta azken urtea Ategorrietan. Elbira Zipitriarekin hasi zen lanean 50eko hamarkadan, isilpeko ikastoletan eta andereño lanetan jarraitu zuen erretiroa hartu arte.
1955ean jarri zuen martxan bere lehen ikastola, Donostiako Pedro Egaña kalean. Zazpi ume hartu zituen hasieran, baina eskaria handia zenez, Artzain Onaren plazako etxe batera pasa zen eskolak ematera. Zazpi urtez jardun zuen etxe hartan eskolak ematen, eta irakasle berriei ere hezkuntzan sartzen lagundu zien.
Beranduago, 1965ean, Santo Tomas Lizeoan hasi zen eskolak ematen. Lehendabizi umeei eta gero batxilergoko ikasleei ematen zizkien eskolak. Urteak pasa ahala, zuzendari izatera ere iritsi zen. Erretiroa eskola hartan, Santo Tomas Lizeoan, hartu zuen 1997an.
Irakasleaz gain, euskarazalea
1960ko hamarkadan, Jarrai antzerki taldeko kide izan zen, Iñaki Beobide zuzendari zela. Izen handiko pertsonak ibili ziren harekin antzerki taldean: Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi, besteak beste.
1965ean lehenengo euskarazko udalekuetan ere izan zen, Barrian –Araba–. Horrez gain, erretiroa hartzear zela, 1991n Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bilerako partaide izan zan. Gainera, beranduago, Bagera elkartearen baitan egin zen Mintzalagun programan, euskara ikasten lagundu zien hasiberriei.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1967ko abuztuaren 15ean eta ohorezko euskaltzainaren titulua, berriz, 1998ko apirilaren 24an eman zioten.
Artikulu asko idatzi zuen Zeruko Argia aldizkarirako, Gazte naiz
atalerako, baina beti ezizenez sinatzen zituen bere testuak; Maribeltz zen irakurlearentzat. Euskarazko
lehen komikian, Panpin deitu zutenean, ere lan egin zuen, eta Arrate Irratiko kolaboratzaile ere izan zen.
Erretiroa hartu eta gero, hainbat sari eta omenaldi jaso zituen Karmele Esnalek:
-
1998ko otsailean Euskal Idazleen Elkarteak omendu zuen, Jose Antonio
Arana Martija, Begoña Bilbao, Andoni Lekuona eta Txomin Peillenekin
batera. Ohorezko bazkide izendatu zuen.
- 1999an, Anton Abbadia Saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak.
- 2003ko maiatzaren 9an, Eusko Jaurlaritzak frankismo garaiko
ikastoletako irakasleentzako laguntzen dekretua aurkeztu zutela-eta, omenaldia egin zieten irakasle guzti haiei; tartean Karmele Esnal zegoen.
- 2007ko urtarrilaren 28an, Sabino Arana Fundazioak saritu zuen, beste batzurekin batera, Jaurlaritzak 4 urte lehenago omendu zituen aitzakia bera erabilita: frankismo garaian irakasle izana.
Euskararen ikur garrantzitsu bat joan da Karmele Esnalen heriotzarekin.