Atzo, maiatzak 31, osteguna, iluntzeko 20:00etan, izan zen Orioko Udalaren ohiko udalbatzarra. Bi zinegotzi, Angel Del Hoyo eta Ekiñe Saizar, ez ziren bertan; ondorioz, 11 zinegotzik hartu zituzten erabakiak.
Udalbatzarra hasteko Bilduko Jon Agirresarobek Karmele Esnalen heriotzaren gaineko adierazpen instituzionala gai zerrendan sartzeko eskaera egin zuen. Segidan, EAJko Jon Redondo kexu agertu zen dokumentazio falta dutela esanaz.
Gai zerrendan lehen bi puntuak kreditu aldaketen inguruan joan ziren. Lehenengoa 6 aldeko botorekin eta 5 abstentziorekin –EAJko zinegotzienak– onartu zen. Bigarrenean, bestalde, EAJk ezezko botoa eman zuen, kreditu aldaketa horrekin geldikina ukitzen zelako eta ez zitzaielako bidezkoa iruditzen.
Kultur Etxeko atezainaren lanaldiaren aldaketa ere onartu zuten gobernuan dauden bi taldeek. Hala, 2013ko martxoaren 1etik aurrera %72ko, 25 orduko, lanaldia izatetik, lanaldi osoa izatera pasatuko da.
Laugarren gaiak eztabaida ugari sortu zuen. Sei aldeko botorekin onartu zuten Orioko Udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak sinatu beharreko hitzarmena. EAJk materiala erosteko prozedura ez zela egokia iritzita abstenitu egin ziren alderdiko zinegotziak. Orain taldeko Joxe Angel Iparragirrek, prozeduraren aldaketa horren zergatia denbora kontua zela azpimarratu zuen: ohiko prozedura bidez, lehiaketa bidez, erosi beharko bazen materiala, abenduan jasoko lukete. Kontua da aurtengo Espainiako txapelketetan ontzi berriak izatea nahi genuela. Hiru urtez ontzi bat bera ere erosi gabe daude, 2012an ontzi berriak erosteko aukera izango zutela agindu zitzaielako. Gauzak horrela, 167.000 euro bideratuko ditu Orioko Udalak, Orio Arraunketa Elkarteak ontzi berriak erosi ditzan. Baina ontziak 12 urteko zesioan izango ditu OAEk. Gainera, horren trukean, ontzien eta arraunen mantenua haien gain hartu beharko dute, eta orain dituzten ontzi batzuk teknifikazio zentrora doazenen aisialdirako utzi beharko dituzte.
Gainontzean, beste hiru puntu gehiengo sinplez onartu ziren eta gainontzeko lauak ahobatez, tartean Udalak eta Karkara sinatuko duten hitzarmena. Hitzarmen horrekin, Karkara aldizkariak 15.750 euroko diru laguntza jasoko du, urtero EAEko KPIarekin –kontsumorako prezioaren indizearekin– eguneratuko dena.
Iritzi trukaketak-eta entzuteko, hemen duzue atzoko bilkurako audioa –hirugarren minututik aurrera–: