Ikastolaren 40 urteko historia jasotzen duena da 40 urte mantalak lotzen liburua. Izenburua saloian ikasten zuten garaiko ohitura batetik dator. Ikasleak borobilean jarri eta batzuk besteen mantalak lotzen zituzten, botoiak bizkarrean zituztelako, adierazi zuen Zigor Saizar ikastolako koordinatzaileak prentsaurrekoan.
Ekainaren 1ean, ostiralarekin, aurkeztu zuten liburua. Bertan izan zen Xabier Sukia, liburuaren idazlea, ere. Bidean lagun asko izan ditu eta Joseba Orella oriotarrak egindako lana azpimarratu zuen. Irakasle, ikasle, zuzendari, guraso eta laguntzaile diren eta izan direnen testigantzak eta pasarteak biltzeko eta idazteko lana hartu zuen Sukiak, eta horren emaitza izan da liburua. Etxeko apaleko bazter batean uzten den libururik ez genuen egin nahi. Zerbait bizia nahi genuen, eta uste dut lortu dugula, esan zuen Sukiak.
Argazki asko ditu, tartean Iban Egigurenek eta Haritz Arrizabalagak egindakoak. Aurkezpenean izan ziren, baita ere, ikastolako sortzaileetako bi: Iñaki Agote eta Felipe Arostegi. Sorrera garaiak gogorrak zirela esan zuten prentsaurrekoan, baina liburuan ikastolan egindako lanaren aurpegirik alaiena erakutsi dutela gehitu zuten.
Liburua doan banatu dute ikastolan dabiltzan ikasleen eta ibili ziren ikasleen familien artean, baita langileen artean ere. Oraindik eskuratu ez dutenek, ikastolako idazkaritzan hartu dezakete. Doan tokatzen ez zaienek, berriz, 10 euroren trukean erosi ahal izango dute. Bidezkoa zen prezio batean jarri nahi genuen saltzen. Kutxak eta Orioko Udalak diruz lagundu digute eta erdiak baino gehiago oparitan emango ditugu. Baina herriko etxe guztietara iritsi nahi genuenez, prezioak ezin zuen oso altua izan, bukatu zuen Iñaki Beraza zuzendariak.