Atzo aurkeztu zuten ekainaren 22an Manuel Lasarteri egingo zaion omenaldia

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko ekainaren 20a

Aia, Leitza eta Orioko ordezkariak elkartu ziren Koldo Mitxelenan emandako prentsaurrekoan

Manuel Lasarte joan den otsailaren 12an hil zen. Handik gutxira herritar asko, norbanakoak eta taldeak, Orioko Udaleko Kultura Sailari omenaldiari buruz galdezka hasi zitzaizkion. Familiarekin harremanetan jarri ziren eta omenaldi bat eta bakarra egitea adostu zuten. Bitarte horretan, hala ere, beste omenaldi batzuk ere jaso ditu Lasartek; esaterako, ikastolaren ekainaren 3ko jaialdian.

Ekainaren 22ko omenaldirako, hiru bilera ireki egin dira, eta hainbat herritar gerturatu dira ekitaldia antolatzeko bileretara. Orioko Udalak eta Errikotxia bertsozale taldeak hartu zuten beren gain antolaketa lana. Hala, Aiako eta Leitzako Udalak bertako biztanleekin harremanak eta baliabide materialak erraztu dizkiete oriotarrei.

Ekitaldian, Orioko, Aiako eta Leitzako bertso-eskolek hartuko dute parte, besteak beste. Ordu eta erdiko iraupena izango duen omenaldian bertsoa, musika, hitzak eta dantza uztartu dira. Gidoia Orioko Errikotxia bertsozale taldeak prestatu du Xabier Amurizaren laguntzaz. Koldo Mitxelenan emandako prentsaurrekoan esan Errikotxia taldeko kideek esan zutenez, Manuel Lasarteren bertsoek eta testuek protagonismo berezia izango dute.

Joxerramon Garate margolari oriotarrak eta Aitor Mendizabal eskultoreak Manuel Lasarteri eskainitako arte-lanak, kiroldegian jarriko dira herritarrek ikusi ditzaten. Mendizabalek egindako eskultura baten irudia erabili da omenaldia iragartzeko karteletan.

Gainontzean, hogeita hamar inguru lagun igoko dira Karela kiroldegiko oholtzara. Kantariak –Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden–, musikariak –Martin Perona, Gari eta Iñaki trikitilariak, Joxerra San Sebastian eta Imanol Urkizu– eta bertsolariak –Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña– izango dira, besteak beste.  Bertsolariek bat-batean jardungo dute eta gainontzekoek Lasartek abestu eta idatzitako bertsoak kantatuko dituzte. Maitane Mujika eta Ander Errasti dantzariek ere parte hartuko dute emanaldian.

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko Lehendakariak eta Iñaki Perurena Leitzako harri-jasotzaileak, berriz, Manuel Lasartek idatzitako testuak irakurriko dituzte, eta Manuel Lasarte bera entzuteko aukera ere izango da. Hain zuzen, antolatzaileek Euskal Telebistarekin hitzartutako akordioari esker, proiekzio bat eskainiko da Manuel Lasarteren bertsoekin eta elkarrizketa desberdinen zatiekin. Horrez gain, Euskal Telebistak omenaldia grabatzeko eta emititzeko konpromisoa hartu du eta, diferituan bada ere, telebistan ikusi ahal izango da.

Ikuskizuna ekainaren 22an egingo da, ostiralarekin, gaueko 22:00etan hasita, Karela kiroldegian. Sarrera doakoa izango da eta 21:30ean irekiko dira Karelako ateak.

Gauzak horrela, ekitaldiaren bitartez Manuel Lasartek urte askotan bertsolaritzaren eta euskararen alde egindako lanari gorazarre egingo diote. Herritarrei bertan izatera gonbidatzen ditu Udalak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide